Urrezko domina irabazi du snowboarder getariarrak Pyhan, Finlandia iparraldeko Lappi eskualdean dagoen parke nazionalean, egindako Munduko Kopan. Boardescross modalitatean lehiatu da Idiakez; atzo lasterketa bat eta gaur bestea egin ditu, eta bietan lehenengo postua eskuratu du.

Gaurkoan, gainera, atzoko denbora hobetu du. Atzo 1:03.67an gelditu zuen kronometroa; gaur, aldiz, 1:02.04an. Idiakezek berak ARTZAPEri adierazi zionez, oso lasterketa teknikoa zen, baina zailtasunak zailtasun, getariarra Munduko Kopako irabazle izendatu da.

Lortutako puntuek nazioarteko sailkapenerako balioko diote, eta beraz, baita Paralinpiar Jokoetarako ere. Izan ere, getariarraren helburu nagusia, epe ertainera, Milan-Cortina d ‘Ampezzoko (Italia) Joko Paralinpikoetarako prestatzen jarraitzea da. Bere kategoria ez dago 2022ko Pekineko Jokoetarako aurreikusita, bai ordea 2026ko hitzordurako.

Argazkia: CDIA

 

Lotutako albisteak: