400 kasuko intzidentzia gainditu ostean, Araban bezala, Gipuzkoan ere itxiera perimetrala ezarriko da. Ondorioz, bihartik aurrera, baimen berezirik izan ezean behintzat, ezingo da Gipuzkoatik irten edo bertan sartu, gutxienez, datorren astelehena arte.

Ostiralean eta larunbatean, Osakidetzak ez zuen koronabirus kasu berririk atzeman Getarian; atzo, ordea, lau kutsatu identifikatu zituen. Ondorioz, intzidentzia-tasak beste koska bat egin du gora, eta gaur-gaurkoz, 812,72an dago. Hala ere, nahiz eta 400 kasuko intzidentzia gainditu, Getarian ez da itxiera perimetralik ezarriko. Izan ere, 5.000 biztanletik beherako udalerrietan beste irizpide batzuk ere kontutan hartzen dira; besteak beste, udalerri horren oinarrizko osasun-eremuaren egoera. Getaria Donostialdeko eremuan dago, eta bertan, 392,17ekoa da intzidentzia metatua. Datorren astean berrituko du udalerrien ebazpena Osasun Sailak, beraz, ordu arte, Getaria zabalik egongo da.

Atzo, orotara, 6.871 PCR eta antigeno proba egin ziren Euskal Autonomia Erkidegoan, eta horietatik, 598k emaitza positiboa eman zuten. Hala, positiboen ehunekoa %8,1eako izan da, herenegungoaren berdina. Asteburuan zehar, ospitaleratzeek gora egin dute. Momentuz, EAEko erietxeetan 545 pertsona daude koronabirusak jota; horietatik 125 ZIUetan daudenak dira –herenegun baino lau gehiago, eta ostiralean baino hamar–.

Lotutako albisteak: