Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako Foru Aldundien artean antolatutako ekimena da Udalekuak. Haurren udako oporraldiei begira, hiru lurraldeetako 7 eta 13 urte bitarteko umeei zuzendutako egitasmoa da; Gipuzkoan 728 plaza eskainiko dira. Bertan, “naturarekin harremanean aisialdi hezitzailea bizi eta oporraldiak gozatzeko aukera” izango dute partehartzaileek, zazpi eguneko txandatan. Joan den asteartean ireki zen behin-behineko izen-ematea egiteko epea, eta datorren asteartean, apirilaren 20an, amaituko da.

Behin-behineko izen-emateak gehienez ere hiruko taldetan egin daitezke, honako bide hauetako bat erabiliz: Udalekuak web-orria, Udako Programen bulegoa (Donostia) edo kanpainan parte hartzen duten udal-bulegoetan. Bestalde, lehentasuna emango zaie aurreko urteetan parte hartu ez zuten haurrei. Apirilaren 21a eta 22a izango dira erreklamazio-egunak, eta zozketa apirilaren 27an egingo da. Behin betiko izen-ematea, berriz, apirilaren 28a eta maiatzaren 6a bitartean egin beharko da.

Gazte Oporraldiak

14 eta 17 urte bitarteko gazteentzat, Gazte Oporraldiak eskainiko ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak. Opor-eskaintza horrek 347 plaza gehiago eskaintzen ditu espainiar estatuko hainbat lekutan. Udalekuak programako data berdinetan egingo dira izen-emateak, erreklamazioak eta zozketa.

Aurtengo jarduerak uztailean eta abuztuan egingo dira eta zazpi, hamar eta hamabi eguneko egonaldiak izango dira. Guztira 13 txanda eskainiko dira. Hizkuntzari dagokionez, zortzi txanda euskaraz eskainiko dira, eta bost erdaraz. Informazio gehiago Gazte Oporraldiak web-orrian dago eskuragarri.

Argazkia: Gipuzkoako Foru Aldundia

Lotutako albisteak: