Uda hasiera gerturatzearekin batera, badatoz San Juan festak. Hala, datozen egunetarako, hainbat ekitaldi antolatu ditu San Juan festetako batzordeak. Egungo egoerara egokitutako jaiak izango dira, eta iaz bezala, aurten ere ez da surik egingo.

Gaur hasiko dira danborradako entseguak. 21:00etatik aurrera, eskolako jolastokian bi entsegu egingo dituzte: gaur lehenengoa eta datorren astelehenean, ekainaren 21ean, bigarrena. 16 urtetik gorakoek hartu dezakete parte eta emanaldia datorren asteazkenean, ekainaren 23an, 21:30ean hasita egingo da.

Bihar, bestalde, San Juanetako I. Marrazki Lehiaketara lanak aurkezteko epea amaituko da. Antolatzaileek azaldu dutenez, lehiaketan parte hartu duten marrazkien erakusketa Balenciaga kalean egongo da ikusgai. Sari banaketa, berriz, datorren asteko bertso-saioan egingo da. Igandean, berriz, 11:00etan hasita, hildako auzokoen alde meza egingo da.

San Juan eguna

Datorren ostegunean, ekainaren 24an, ospatuko da San Juan eguna. Goizetik hasita, herriko dendetan txistorra banatuko da eta 12:00etan suziria jaurtiko dute.

Arratsaldean, berriz, betso-saioa egingo da. 19:30ean hasita, Balenciaga kalean lau bertsolari arituko dira kantuan: Danel Olano, Amets Aizpurua, Felix Zubia eta Andoni Egaña – lehenengo biak getariarrak–. Gai-jartzaile lanak Uxune Areizagak egingo ditu.

Bertso-saiorako sarrera doakoa da, baina aurrez izena eman behar da. Izena emateko, interesatuak bere izen-abizenak eta telefono zenbakia bidali beharko ditu sanjufe@gmail.com posta elektronikora edo 665 750 559 telefono zenbakira deitu beharko du.

Lotutako albisteak: