ELA, LAB, ESK, STEILAS, EHNE eta HIRU sindikatuek elkarretaratzea deitu duge biharko, uztailak 15, pasa den ostiralean hildako Ameztoi txakolindegiko langilearen senitarteko eta lagunei elkartasuna adierazteko zein prekarietatea salatzeko. ELAk jakinarazi du istripuaren arrazoiak “oraindik ikertzen” ari direla.

Langilearen ingurukoei “babes zintzoena” adierazteaz gain, sindikatuak iragarri du “egun langileek jasaten duten prekarietate egoera” salatu nahi duela. “Prekarietate hau, lan erritmo jasanezin, jardunaldi amaigabe, eta sektoreko hitzarmen nahiz prebentzio arautegiaren betegabetzeetan bihurtu ohi da, administrazioak honen guztiaren aurrean beste alde batera begiratzen duen bitartean, modu sistematikoan. Lehen sektoreak pairatzen duen erregulazio falta eta lan-baldintza kaskarrek ere eragin zuzena dute istripu hauetan”, argitu du ELAk.

Lan harremanetan langile klasearen osasuna eta segurtasuna erdigunean jartzeko beharra azpimarratu du sindikatuak. Horregatik egin du bihar, 12:30etik aurrera, Getariako udaletxe aurrean elkarretaratzeko deia.

 

Lotutako albisteak: