Esku artean beste garaipen batekin itzuli dira etxera Getariarrak; hain justu, Espainiako Traineru Txapelketa. Castro Urdialesen bi estropada jokatu dituzte asteburuan. Larunbatekoa kanporaketa estropada izan zen; bertan, lehengo postua lortu zuten, eta beraz, igandeko ohorezko txandarako txartela eskuratu zuten. Getariarrekin batera, Samertolameu, Pedreña eta Arkote izan ziren txanda horretarako gainerako hiru sailkatuak.

Igandean, alde nabarmenarekin nagusitu zen Esperantza. Getariako arraunlariek 20:43,73ko denbora behar izan zuten lau luzeak egiteko. Lehenengo luzean zehar Pedreña jarri zen estropadaren buru, bigarren ziabogarako, ordea, Getariak aurre hartu zion. Hala, amaiera arte getariarrak aurretik joan ziren eta txapelketako lehenengo postuan bukatu zuten. Bigarren sailkatuari, Samertolameuri, hamaika segundo pasatxoko aldea atera zioten; hirugarrenari, Pedreñari, ia 12 segundokoa; eta Arkoteri, berriz, 34 segundo pasatxokoa.

20:00etan, herritarrek harrera egin zieten Esperantzako arraunlariei. Arraun elkarteko arraunlari nahiz zuzendaritzako kideak udaletxeko balkoira igo eta Espainiako Traineru Txapelketako zein Lehen mundu biraren bosgarren mendeurrena – Juan Sebastian Elkano banderak astindu zituzten.

Datorren igandean, Getarian

Hurrengo larunbatean eta igandean, ligari heldu eta bi estropada jokatuko dituzte KAE1 ligako traineruek. Larunbatean, 17:30etik aurrera, Astilleron izango dira; igandean, berriz, etxean arituko dira, Getarian, 11:30etik aurrera.

Argazkia: Getariako Arraun Elkartea

 

Lotutako albisteak