Martxoaren 10etik zabalik dago Nafarroa hegoaldeko eta erdialdeko oliba-olio birjina estra eta kontserba, arroz, pasta eta lekale-sortak eskatzeko aukera. Errigoraren antolatzaileek jakinarazi dutenez, “eskaerak erritmo onean” doaz eta jadanik, zenbait produktu amaitu egin dira.

Momentuz, bi dira agortutako produktuak: orburuak eta menestrak. Errigoratik ohartarazi dute besteren bat ere agortzear dagoela eta eskaera egiteko azken momentura arte ez itxarotea. Eskaerak egiteko epea datorren asteazkenean, martxoaren 30ean, amaituko da.

Azken bi kanpainatan egin bezala, oraingoan ere Artzape Euskara Elkartea arduratuko da Errigoraren produktuak Getarian banatzeaz. Hala, getariarrek herrian bertan jaso ahal izango dituzte eskatutakoak; hain justu, maiatzaren 12an, osteguna, 16:00etatik 20:00etara, Eskualtxetan.

Lotutako albisteak: