Iragan den igandean, Errenterian, Gipuzkoako alebin txiki txapelketako bigarren fasea egin zen. Judoaren inguruan gutxieneko ezagutza dutenek eta 2011n jaiotako gaztetxoek parte hartu zezaketen; tartean, Getariako Taiko Judo Klubetik, Suhar Esnal eta Inhar Garin bertan izan ziren.

Ikasturte honetan, Taiko Judo Klubeko adin nagusienekoak Gipuzkoako alebin txiki txapelketan lehiatzen diren bigarren aldia izan zen. Izan ere, otsailean, Hondarribian egin zen lehenengo fasean parte hartu eta hirugarren egin zuten. Klubeko ordezkariek azaldu dute “izugarrizko maila eta jarrera” erakutsi ostean, oraingoan ere, sailkapeneko hirugarren postua lortu dute biek.

Suhar Esnalek 38 kilo azpiko kategorian parte hartu zuen: “Aurreneko randoria bi waza-ari esker irabazi zuen. Bigarrengoan, ordea, ezin izan zion aurkariaren helkera gogorrari aurre egin eta galdu egin zuen. Azken randorian, hirugarren postua zegoen jokoan eta, nagusitasunez, irabaztea lortu zuen”. Inhar Garin, berriz, 34 kilo azpiko kategorian lehiatu zen. “Desilusio eta tristura handiz, lehenengo randoria galdu egin zuen. Ondorengo randoriatara, ordea, indartsu sartu zen eta hirurak irabazi zituen”, adierazi dute Taiko Judo Klubetik.

Bi judoka getariarrei hirugarren eta azken fasea geratzen zaie jokatzeke, maiatzaren azken asteburuan egingo dena, hain justu. Azken faseari edo finalari begira, Gipuzkoako Alebin txiki txapelketako sailkapen orokorra sortzerakoan, aurreko bi faseetan lortutako emaitzak kontuan hartuko dituzte. Taiko Judo Klubetik gogorarazi dute “hain konstanteak izateak onura ugari ekarriko dizkietela finalean” bi kirolariei eta, “emaitza onez gain”, lortutako “esperientzia” oso garrantzitsua dela.

Argazkia: Taiko Judo Kluba

 

Lotutako albisteak: