Datorren irailaren 6an lehen mundu biraren 500. urteurrena eta Elkanoren Lehorreratze ekitaldiaren lehen mendeurrena ospatuko dira. Testuinguru horretan, joan den irailaren 16an, Lehorreratzearen inguruan hausnarketa eta elkarrizketa irekia zabaldu zituen Getariako Udalak. Orotara, 23 lan-saio egin dituzte eta uneren batean, adin desberdinetako 80 getariarrek baino gehiagok parte hartu dute. Udaletik nabarmendu dute “hartu-emanean eta jakintzan ondorio positiboak izan dituen erronka handia baina aberatsa” izan dela.

Herri elkarrizketan “moldaketa eta berrikuntza batzuen beharra” adierazi zuten parte hartzaileek, baita horietako batzuk aurtengo Lehorreratzean txertatzeko nahia ere. Hala, azken asteetan, parte hartze prozesuko eskaerak oinarri hartuta, zuzendaritza talde batek hartu ditu azken erabakiak. Talde hori prozesua gidatu duen aholkularitza enpresako kideek, udalean ordezkaritza duten bi alderdietako kideek, udal teknikariek, Elkano Fundazioko partaideek eta herri-elkarrizketan parte hartu zuten lau herritarrek osatu dute. Antzezlanean hainbat aldaketa txertatu dituzte, baina “ekitaldiaren esentzia zaindu” egingo dela azaldu du udalak.

Marinelen iritsiera eta plazara arteko ibilbidea

Lehorreratzearen lehen zatian, “aldaketa esanguratsuena” lehorreratuko diren marinel kopuruan egongo da; 18 marinel beharrean 21 porturatuko dira. Izan ere, duela 500 urte, hiru indigena iritsi ziren lehen mundu bira osatu zuen itsasontzian eta aurtengoan, horiek ere euren lekua izango dute. Gainerakoan, aldaketa gutxi izango dira eta “beti izan duen solemnitate mezu hori mantendu nahi da”, dio udalak.

Bestalde, marinelek portutik plazara egingo duten ibilbideak bi zati izango ditu: “Lehenengoan, bidaiaren gogortasuna adieraziko da eta bigarrengoan, tripulazioko 18 kidek amabirginari egin zioten promesa”, azaldu dute udaletik. Lehenengo zatian, hiru indigenak egongo dira baina elizako pasartean ez dute parte hartuko; “Pia-Pian geldituko dira eta ondoren, antzezpenean jarraituko dute”.

Kontinenteen irudikapena

Kontinenteak adin desberdinetako pertsona multzoek (3-6 artean) ordezkatuko dituzte, garai hartako jantzi eta elementuekin. “Herriari keinu bat eginez, Europako ordezkaritza Getaria izango da. Gainera, pertsonaietako bat Elkanoren ama izango da, bere lana, abilezia, jakintza etab. mahaigaineratzeko”.

Plaza eta Elkanoren monumentua arteko bidea

Azken zatia plazatik monumentura doana izango da eta hor, “Getariako herriak Elkanori egiten dion aitortza irudikatuko da”. Aldaketa nagusia lekua izango da; orain arte plazan egiten zena Elkanoren Monumentuan egingo da. “Bertan, elementu sinboliko baten bitartez mundu anitza irudikatu eta Gora Elkano kantatuko da”.

Azkenik, megafoniatik eta esku-orrietan zabalduko den mezua “berritu” egingo da eta “azken urteetan egin den lanketa barneratuko du”. Udaletik nabarmendu dute “partaidetzaren eta parekidetasunaren aldeko apustua” egingo dela eta “antzezlaneko pertsonaiak zozketatu egingo dira, parekidetasuna zainduz; besteak beste, kontinenteetako ordezkariak, karroza mugituko dutenak, tripulazioan egon daitezkeen hutsuneak eta indigenen papera antzeztuko dutenak”.

Argazkia: Getariako Udala

 

Lotutako albisteak: