Errigora ekimenaren sustatzaileen hitzetan, “inoizko uzta emankorrena utzi du aurtengo kanpainak”. Iazko datuekin alderatuta, eskari kopurua %20 hazi da. Getarian ere eskaerek goranzko bilakaera izan dute. Joan den udaberriko kanpainan, Getarian, 31 lagunek erosi zituzten Errigorako produktuak; aurten, berriz, 36 eskaera egin dira orotara.

Nafarroa hegoaldeko eta erdialdeko produktuak 10.000 etxetara iritsiko dira. Zehazki, 143.000 litro olio saldu dituzte, iaz baino %35 gehiago; eta kontserba-poteen eta arroz, pasta nahiz lekale paketeen eskariak %15 igo dira –271.000 kontserba-pote eta 41.000 arroz, pasta eta lekale pakete–.

 

 

Datorren urtean, potxa ekologikoak gehituko dituzte eskaintzara eta produktu ekologikoen kopurua handiagoa izango da. Horrez gain, eskaera kopuruaren igoerari esker, irailerako prest izango dira 40 robada (36.000 metro karratu) lur sail berri piper ekologiko gehiago jasotzeko. Era berean, 11.000 txitxirio eta dilista banatzen ari dira eta hori “Hazialdeko lekale ekoizleen elkartearentzat bultzada ederra” izango dela gaineratu dute.

Errigoraren helburu nagusia Nafarroako hegoaldean euskara bultzatzea izanik, horren inguruko datuak ere eman dituzte. 12 ekoizleren lantokitan euskara planak ari direla egiten azaldu du herri ekimenak eta 2023rako, Errigoraren baitan diharduten guztiak euskara planetan murgilduta egotea aurreikusten dute.

Banaketa maiatzaren 12an

Getarian, Artzape Euskara Elkartea arduratuko da produktuak eskatzaileen artean banatzeaz. Hain justu, hilaren 12an, ostegunean, 16:00etatik 20:00etara, Eskualtxetan egingo da banaketa. Eskatzaileek, beraz, bertatik pasa beharko dute euren produktuen bila.

 

Lotutako albisteak: