Urte hasieran, 2022a “hitzaren eta ekintzaren urtea” izango zela azaldu zuten Korrikako eta Euskaraldiko arduradunek. Atzo, Donostian egin zuten Euskaraldiaren hirugarren edizioaren aurkezpenean, ideia bera nabarmendu zuten Goiatz Urkijo Euskaraldiko koordinatzaileak, Alizia Iribarren AEKko koordinatzaileak eta Maddi Juanikorena Donostiako Euskaraldia batzordeko koordinatzaileak.

Korrikak sortutako olatuari Euskaraldiarenak jarraipena emateko helburuarekin, jo eta su dihardute lanean eta dagoeneko, zenbait data garrantzitsuren berri eman dute: Maiatzaren 18an, entitateen izen-emate epea irekiko dute eta irailaren 29an, belarriprestena nahiz ahobiziena. Euskaraldiaren hirugarren edizioa, berriz, urte amaieran egingo da: azaroaren 18tik abenduaren 2ra.

Bi urteko pandemiaren ondoren, euskaltzaleak kalera ateratzeak, euskararen aldeko ekimen jendetsuek eta euskararen ezagutza zein erabilera areagotzeko urrats sendoek berebiziko garrantzia dutela azaldu dute Korrikako eta Euskaraldiko arduradunek. Iribarrenen iritziz, “oso Korrika garrantzitsua izan da, egin dugulako eta, era berean, zer esanik ez, bizitakoa ikaragarria izan delako: jendarteak erakutsi duen herri gogoa zinez indartsua izan da eta gure ustez, oso garrantzitsua da Korrikak bistaratu duen energia sozial hori Euskaraldian ere egotea”.

Zentzu horretan, Korrikaren 22. edizio “jendetsu eta gogoangarria” aurten antolatuko diren “gainontzeko ekimenetarako akuilu” izango dela azpimarratu du Urkijo. Aurten, belarripresten eta ahobizien hizkuntza ohituretan eragiteaz gain, era guztietako entitateei euskarazko praktika linguistikoak bultzatzeko neurri zehatzak hartzea eskatuko zaiela gaineratu du Euskaraldiko koordinatzaileak.

Dagoeneko, Euskaraldia batzordeak martxan jartzen hasi dira eta herriz herri, aurtengo ariketa sozialaren aurkezpenak egiten ari dira –Getarian, apirila hasieran egin zuten–. Herritarrei batzordeetan partaide aktibo izateko edota Euskaraldian parte hartzeko deia egin diete. Horren harira, Korrika eta Euskaraldia moduko ekimenen antolaketan herritarrek duten garrantzia azpimarratu du Juanikorenak.

Argazkia: Euskaraldia

Lotutako albisteak: