Irailak 6, Elkanoren Lehorreratzea, 72 ordu eta hilketa mehatxu bat. Horiexek dira Kepa Iribarren lehen liburuaren oinarrizko osagaiak. Elementu horietatik abiatuta, tentsio handiko nobela beltz edo poliziakoa ondu du kazetari getariarrak. Atzo, Erein argitaletxeko Inazio Mujika editorearekin batera, etxean egin zuen 72 ordu liburuaren aurkezpena. Getariarraren lanak ikusmina sortu du herritarren artean eta atzokoan, jendez bete zen udalbatzar aretoa.

Mujikaren hitzetan, “tentsio narratiboa” duen liburua da. Hain justu, hilketa mehatxu bat da tentsioaren iturburua: “Elkanoren Lehorreratze egunaren inguruan, pertsona famatu bat hilko dutela-eta, mehatxu bat dago herri honetan eta oso jende gutxik daki mehatxu hori dagoela”. Aitor detektibearen eta Idoia zinegotziaren bitartez, hiru egunez, 72 orduz, luzatuko den istorioan murgiltzeko aukera izango du irakurleak.

Kontakizunaren abiapuntu modura, bi ideia azpimarratu ditu Iribarrek: “Alde batetik, Elkanok zer egin zuen badakigu, baina pertsona bezala ez dugu ezagutzen. Berak idatzitako eguneroko bat agertuko balitz, zein balioa izango luke? Bestalde, Elkano euskalduna izan beharrean beste herrialde batekoa izan balitz, nik pentsatzen dut Hollywooden berari buruzko film bat eginda egongo zela”. Bi elementu horiek, Elkanoren egunerokoa eta filma, liburuan agertzen dira eta “horren inguruan, misteriozko edo trama beltzeko istorio bat sortu zitzaidan”, argudiatu du getariarrak.

Erronka nagusia jendea lotuko duen istorio bat sortzea izan dela azpimarratu du Iribarrek. Aurkezpenera bertaratutako getariar baten hitzetan, azken 25 urtetan libururik irakurri gabe egon ostean, istorioak kateatzea lortu du.

“Abentura berri bat”

Euskadi Irratian kirol kazetaria izaki, ahozko komunikaziotik idatzizkora egindako jauzian “gustura eta eroso” sentitu dela nabarmendu du kazetari getariarrak. Tarte libreetan, “jolas modura”, idazten hasi eta, pausoz pauso, “oso era naturalean eta presiorik gabe” egindako ibilbidea izan dela aitortu du.

Abentura “oso polita” izan dela eta Getariari beste modu batera begiratzeko aukera izan duela dio Iribarrek. Liburuan, fikziozko istorioa bere bizipenekin uztartzen saiatu dela aipatu du. Tartean, txikitako hainbat pasadizo txertatu ditu, besteak beste, “dirutan ibiltzen ginenekoak” edota “parrillan, Luis Mari keleparioa botatzen ikusten genuenekoa”.

Plentzian, Venezian edota Eskozian kokatzen diren eszena bakan batzuez gain, istorioa, bere osotasunean, Getarian garatzen da eta Mujikak azaldu duenez, “tentsiorik galdu gabe, zuen herria erakusten digu Kepak eta hori, meritu handia da”. Getaria “maitatzen eta ezagutzen” erakusten duen liburua dela gaineratu du: “San Anton mendia edo Pia-Pia zer diren ikasi dugu; Gaztetape hondartza, Txoritonpe, Artzape edo erromona izeneko arrain bat dagoela ere jakin dugu”.

Liburua osatzeko, zenbait pertsonen laguntza ezinbestekoa izan dela azpimarratu du Iribarrek; besteak beste, Arantxa Iturbe eta Nekane Peñagarikano irratiko lankideak, Jon Ander De la Hoz, Guillen eta Xabier Alberdi historialaria aipatu ditu. Horiek, istorioa ikuspegi desberdinetatik osatzen lagundu diotela aipatu du. Azaleko argazkia lortzeko, berriz, udaletxeko eta Artzape herri aldizkariko kideengana jo zuela argitu du. Buruari buelta asko eman ondoren, “argazki hau jartzea erabaki genuen. Erunekin hitz egin nuen eta esan zidan Beñat Gerekaren argazkia zela. Poza hartu nuen, getariarra izateaz gain, laguna baitut”.

 

Lotutako albisteak: