2021ean abiatutako prozesuarekin jarraituz, azken hilabeteetan, Getariako Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako I. Planaren zirriborroa osatu du Getariako udalak Emun Aholkularitza taldearen laguntzarekin. Planaren zirriborroak 2021 urte amaieran argitaratutako diagnostikoa izan du oinarri eta 2023-2026 urteetarako helburu eta ekintzak jasotzen ditu. Orain, herritarren iritziak eta ekarpenak jaso ahal izateko, udalak herritarren esku jarri du egindako lana –dokumentua udalaren webgunean edota udaletxean eskuratu daiteke–.

Ekarpenak euskarri fisikoak edota digitalak erabilita egin ahal izango dira. “Online” egiteko, ondorengo galdetegia betetzea nahikoa izango da. Galdetegia paperean egin nahi duenak, berriz, udaleko harreran jaso eta osatu ondoren, bertan entregatu beharko du. Norbanakoei ez ezik, herri eragileei ere plana irakurtzeko eta ekarpenak egiteko deia egin die udalak. “Horretarako, mezu elektroniko bidez, udalak berariaz helaraziko die herriko taldeei eta elkarteei planaren zirriborroa eta galdetegiraren lotura”, jakinarazi dute udaletik.

Ekarpenetarako epea gaur hasi eta hilaren 21a artekoa izango da. Epea bukatutakoan, “udalak jasotako erantzunak aztertu eta planean egin beharreko moldaketak egingo ditu. Ondoren, prozesuaren hurrengo urratsekin jarraituko du, 2022. urtean plana onartu ahal izateko”.

 

Lotutako albisteak: