Osoko bilkura egin zuen atzo Euskaltzaindiak eta duela gutxi euskaltzain emeritu izendatutako Andoni Sagarna eta Xarles Videgain ordezkatzeko hautagaiak aurkeztu zituzten. Lehenaren lekua Andres Alberdi getariarrak hartzea proposatu dute eta bigarrenarena, berriz, Itxaro Bordak.

Aurreratu dutenez, azaroko osoko bilkuran egingo da bozketa eta, hautagaiak euskaltzain oso izendatzeko, beharrezkoa izango dute egungo euskaltzain oso eta emerituen bozen nagusitasuna.

Alberdi filosofian lizentziaduna da eta irakaskuntzan aritu da urte luzez; bertatik hartu zuen erretiroa 2011n. 1986az geroztik, DBHko eta Batxilergoko Euskara eta Literaturako hogeitik gora ikasliburu argitaratu ditu, bakarka zein elkarlanean. Gramatika arloan ere baditu zenbait lan.

2014an Euskaltzaindiaren Euskara Batuaren Eskuliburuko batzordeburu karguan jarri zuten eta lau urte beranduago ateratako Euskara Batuaren Eskuliburuaren prestatzailea izan zen. 2018an bertan, euskaltzain urgazle izendatu zuten; aurten, berriz, Morfosintaxiaren Estandarizazioko batzorde ahaldunduko idazkari.

Horretaz guztiaz gain, ARTZAPE aldizkariko kolaboratzaile fina da Alberdi eta hilero ekartzen digu Getarian erabiltzen ditugun hitzen berri.

 

Lotutako albisteak: