2023ko azaroaren 26an, Gipuzkoako Foru Aldunditik 279.892,36 euroko dirulaguntza lortu zuen Getariako Udalak. Laguntza hori herrian eguzki plakak jarri eta horiek %100ean finantzatzeko erabili da. Hala, Getariako hiru eraikin publikotan eguzki plakak instalatu dituzte; hain justu, Sahatsaga Kiroldegian eta Meagako nahiz Askizuko frontoietan.

Dirulaguntza hori jasotzeko baldintzetako bat elkarte bat sortzea denez, TEK (Tokiko Energia Komunitatea) Getaria eratu berri dute. Irabazi asmorik gabeko eragilea da eta eguzki plaka horien kudeaketaz arduratuko da. Hala, eguzki plaken bitartez lortutako energiaren onuradun izan nahi dutenek, nahitaez, TEK Getariako kide izan behar dute.

Asteazkenean, otsailak 7an, egitasmo horren nondik norakoak azaltzeko eta hurrengo urratsen inguruan hitz egiteko, bilera irekia egingo da; 18:30ean, Ulpiano Aretoan.

Itsasargi

Getarian, iaz sortu zen Itsasargi Energia Berriztagarrien Komunitatea. Itsasargiren helburua da energia berriztagarrien inguruko hainbat egitasmo abian jartzea eta energia kontsumoaren inguruko hausnarketa nahiz lanketa desberdinak egitea. Hala, duela hilabete batzuk argi eta gas fakturen inguruko tailer bat antolatu zuen. TEK Getaria sortu izanagatik ere, Itsargik bere ibilbidea egiten jarraituko du. Bi egitasmoak elkarrengandik independenteak dira eta TEK Getaria eguzki plaka horien kudeaketan zentratuko da.

Argazkia: Getariako Udala

Lotutako albisteak: