Gipuzkoako Foru Aldundiak onarpena eman dio Getaria eta Zarautz artean eroritako horma birgaitzeko larrialdiko obrak kontratatzeko prozesuari. Hortaz, aurreikuspenen arabera, astebeteko epean hasiko dira duela bi asteko denboraleak eragindako zuloa konpontzen.

Guztira, 350.000 euro bideratuko ditu Aldundiak obra horietara eta lanek, ziurrenik, errepide mozketak eragingo dituzte iraungo duten lau asteetan.

Aldundiko ordezkariek azaldu dutenez, “denboraleak eragindako zuloa 5,50 metro inguru sakon da eta errepidearen kanpoko erreiari eragin dio. Horregatik, trafikoaren zirkulazioa itxi da errei horretan eta barnekoan mantendu. Gaineratu dute “errepidearen plataformaren egonkortasuna itsasoko denboraleen erasoei eusteko duen gaitasunaren araberakoa” dela, eta kostako horma desagertzeak suposatzen duela olatuen erosioa nabarmen handitzea. Horregatik da beharrezkoa berehalakotasuna: “Ez bagara azkar jarduten, erosioak galtzadan depresio handia eragin dezake eta arriskua dago mugimenduek aurrera egiten jarraitu eta eragindako kalteak ugaritzeko”.

Prozesuari dagokonez, lehenik, zulatutako zatiaren estalkia eraitsiko dutela iragarri dute, “horma berreraikitzean materialik aska ez dadin”. Era berean, oinezkoentzako sarbide bat jarriko da obrako langileentzat sarbide segurua bermatzeko. Horma berria kareharrizkoa eta hormigoizkoa izango da, 8 metroko altuerakoa, eta oinarria hormigoizko biraltze batekin babestuko da, 2 metroko altueran. Horma berreraikitzeko lanak amaitu ondoren, urbanizazio-elementuak eta eragindako zorua berrituko dira.

 

Lotutako albisteak: