Getariako Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, elkarlanean, herriko eraikin publikoen estalkietan hainbat eguzki plaka jarri dituzte. Zehazki, Askizuko nahiz Meagako frontoietan eta Sahatsaga kiroldegian 432 plaka jarri dituzte eta udaletik aurreratu dutenez, horietatik eskuratzen den energia elektriko guztia herritarrentzat izango da.

Aurreikuspenen arabera, eguzki plaka horiei esker, Getariako 292 etxebizitzek eta saltoki txikik faktura elektrikoa murrizteko aukera izango dute. Abantaila horren onuradun izateko, ordea, ezinbestekoa da TEK (Tokiko Energia Komunitatea) Getaria elkarteko bazkide egitea –izen-ematea doakoa da–.

Bazkidetza internete bidez egin daiteke ondoko estekan. Udaletik jakinarazi dute, dagoeneko, 91 getariarrek eman dutela izena. Herritarrek informazio gehiago izan eta izen ematea aurrez aurre egiteko aukera izan dezaten, datozen bi larunbatetan, udaletxe azpian, elkarteko kideek laguntza puntua jarriko dute: hain justu, martxoak 2an eta 9an, 11:00etatik 13:00etara.

Argazkia: Getariako Udala

Lotutako albisteak: