Getaiko Graka musika kolektiboak antolatuta, bi talde igoko dira gaztetxeko oholtzara datorren ostiralean, martxoaren 15ean. Alde batetik, Pogrom talde lasartearra eta bestetik, Bellum talde getariarra. Azken horrek, zehazki, bere aurkezpen kontzertua emango du.

Hiru lagunek osatzen dute Bellum taldea. Horietatik bi, Beñat Azkue eta Oihan Manterola, herrikideak dira eta hirugarrena, Ibon Kazalis, zarauztarra. Post punk estiloan kokatzen dute euren burua eta ostiralekoa izango da herrian jotzen duten lehenengo aldia. Beraien lehen jendaurreko kontzertua ere izango da –otsailaren 26an, Zarauzko gaztetxean jo behar zuten baina bertan behera geratu zen–. Taldekideek ARTZAPEri aurreratu ziotenez, gainera, sei abestiz osatutako EP bat prestatzen ari dira.

Pogrom, berriz, Lasartetik datorren post punk taldea da. Graka kolektiboko kideen hitzetan, “baxu linea dantzagarriak, erritmo kaxa makalak, gitarra garbiak eta letretan eguneroko kontuak lantzen dituzten musika hotza” da beraiena. Kontzertuak 21:00etan hasiko dira eta egunean bertan, bost euroren truk erosi ahal izango da sarrera.

Argazkia: Bellum.