Moilan aurkeztu dute II. Basque Country Cup uretako motoen txapelketa. Bihar hasi eta igandea bitartean, sei etapaz osatutako txapelketa egingo dute izena eman duten 40 kirolaritik gorak. Antolatzaileek iragarri dutenez, “ikuskizuna ziurtatuta egongo da”.

Aitzol Arakistain antolakuntzako kideak eskerrak eman dizkie babesleei eta egunotako egitaraua aurkeztu du. Goizero eta arratsaldero egingo dituzte ibilbideak gidariek: bihar goizean, Elantxobera; arratsaldean, Getaria, Zarautz eta Orio artean; larunbatean Gorlizera; igande goizean, Hondarribiara eta arratsaldean, berriro ere, inguruotan. Hori guztia gauzatzeko bermatu beharreko segurtasun neurrietan jarri du azpimarra Alba Bermejo Euskal Uretako Eski eta Motonautika Federazioko (EUEMF) presidenteak.

Getarian jokatzen den proba egutegian lekua egiten ari dela eta kanpotik jende asko etortzen dela adierazi du Angel Gurrutxaga Euskal Kirol Federazioen Batasuneko presidenteak. Bide berean, Ekaitz Esteban Getariako Udaleko Kirol zinegotziak proba “bolumen handia hartzen” ari dela adierazi du.

Kirolariei ongi etorria emanez, Gure Txeruko haurren taldeko kideek dantza egin dute aurkezpen ekitaldian. Eskusoinuaz lagundu die Libe Iribarrek. Gero, jaki dastaketa izan dute bertaratu direnek.

Astebururako iragarpena

Gaur goizean heldu dira II. Basque Country Cupeko antolatzaileak eta lehen gidariak Getariako moilara. Antolakuntzako Aitzol Arakistainekin izan da ARTZAPE eta azaldu duenez, bigarren urtea izanik, “lehengo urtean baino askoz hobeto” ari dira. Aitortu du horrelako txapelketa bat antolatzeak lan asko duela eta “gogorra” dela, batez ere, azken 15 egunetan.

Lehengo urteko esperientzia “oso ona” izan zela dio eta parte hartzaileak ere “oso gustura” gelditu zirela. Estebanek arratsaldean adierazitako parte-hartzaile gorakada berretsi du Arakistainek: “Iaz uste dut 28 talde zirela, aurten 40tik gora. Badirudi lasterketa izena hartzen ari dela”. Gurean lehiatuko direnen artean daude azken urteetan kirol honetan nabarmentzen ari diren Jean Bruno Pastorello, François Medori edo Chris Maclugage, besteak beste.

Eguraldiak –haizeak bereziki– gorabehera ugari eragin zituen iaz. Aurten bestelakoa da eguraldi iragarpena: “Guretzat, antolatzaileontzat, oso ona da, uretan ibili behar duenarentzat… Inguru honetako pilotuoi gustatzen zaigu itsaso txarra, ohituta gaude. Kanpotik datozenek, berriz, nahiago dute barea. Halakoetan, motorrak garrantzia handiagoa dauka gidariak baino eta frantsesak motorren prestaketan, beste maila batean daude”.

 

Lotutako albisteak: