Gipuzkoako Foru Aldundiak jakitera eman berri duenez, ostiralean, 20:00etatik aurrera, Getaria eta Zarautz arteko N-634 errepidea irekiko dute. Errei bat zabaldu eta semaforo bidez, txandakako zirkulazioa ezarriko dute. Hori dela eta, Korrika ere bertatik iritsiko da herrigunera.

Egoitz Dorronsoro Urola Kostako Korrikako arduradunak ARTZAPEri azaldu dionez, ibilbidea lehengora itzultzea erabaki dute: “Atzo jakin genuen kostaldeko errepidea zabalduko zutela eta, beraz, Meagatik barrena beharrean, hasieran bezala, beheko errepidetik igaroko da Korrika”. Hala, besteak beste, ibilbide berriak Korrikari eragingo ziokeen atzerapenik ez da egongo.

Lekukoa hartuko dutenen ordenari dagokionez, zozketan ateratako hurrenkera errespetatuko dela azaldu du Dorronsorok. Horrez gain, kilometroen A eta B banaketak ere mantendu egingo dituzte: “Ibilbidea Meagako errepidera egokitzeko, kilometro batzuk bikoiztu egin behar izan genituen. Horrek berdin jarraituko du; hau da, 1405 eta 1407 kilometroen artean –biak barne– A eta B zatiak egongo dira”, dio Korrikako arduradunak.

Eragile bakoitzak, beraz, zozketan egokitutako kilometro berean hartuko du lekukoa; aldatuko dena korrika egiteko lekua bera izango da. Eragile bakoitzak ondoko puntutan hartuko du lekukoa:

  • 1405 “A” kilometroa, olatuaren egituta baino lehen (N-634 errepideko 21. kilometroa): Presoen Lagunak, Getaiko Gazte Asanblada,
  • 1405 “B” kilometroa, olatuaren egituraren ondoren, Ubiriko etxearen parean (N-634 errepideko 21. kilometroa): Gure Txeru eta Urritza/Gaztetape Surf Elkartea.
  • 1406 “A” kilometroa, lehenengo tunelaren inguruan: Getariako Udala.
  • 1406 “B” kilometroa, Iturri Txiki baino lehen: Tonpe Guraso Elkartea eta Lagunak eta Babexa merkatarien elkartea.
  • 1407 “A” kilometroa, moilara jaisteko bidegurutzea pasata: Irizabal arrainak.
  • 1407 “B” kilometroa, udaletxea eta frontoia artean: EH Bildu.
  • 1408 kilometroa, Arnao Generala kalea 11n: Getaitri Triatloi Kluba eta Getariako Arraun Elkartea.
  • 1409 kilometroa, Getariako irteera kartelean: Artzape Euskara Elkartea/Gure Txeruko dantzariak eta Taiko Judo Kluba.
  • 1410 kilometroa, San Prudentzioko eta Askizuko bidegurutzean: Zanbuka Guraso Elkartea (Juanito Dorronsoro Zumaiako bertso eskolarekin osatuko du kilometroa).
Gaur hasiko da Korrika

Korrikari hasiera emateko, egun osoko egitaraua prestatu dute gaur Irunen. Goizetik hasita, festa giroan murgilduko da Irun; 15:30ean, hasiera ekitaldia egingo dute eta jarraian, 16:00etan, 23. Korrika hasiko da. Euskal Herriko txoko ugari zeharkatu eta gero, Getariara datorren astean helduko da; hain justu, martxoaren 20an, 01:36an.