Otsaila hasieran, itsaso zakarrak gogor kolpatu zituen bazterrak eta, Ubiri inguruan, zulo handi baten sorrera eragin zuen; zehazki, kostaldeko euste horman, 5,5 metroko zuloa. Ondorioz, Getaria eta Zarautz arteko N-634 errepidea zenbait astez itxita egon da. Gipuzkoako Foru Aldundiak jakitera eman duenez, bihar, ostirala, 20:00etatik aurrera, semaforo bidez erregulatuta, errei bat irekiko dute.

Aldundiatik azaldu dutenez, hasteko, zulatutako zatiaren estalkia eraitsi eta lanak egingo dituzten eremuan segurtasuna bermatu dute. Horma berria kareharrizkoa eta hormigoizkoa izango da eta zortzi metroko altuera izango du. Horrez gain, “oinarria hormigoizko azpi-berritze batekin babestuko da” eta hark 20 metroko luzera eta 2 metroko altuera izango ditu. Behin horma berreraikitzeko lanak amaituta, urbanizazio elementuak eta hondatutako zorua berrituko dituzte.

Maria Ubarretxena Bide Azpiegituretako diputatuaren hitzetan, “azken egunetako eguraldiak eta itsasoaren egoerak lanak aurreratzea ahalbidetu dute eta lehentasunezkoa zen ahalik eta azkarren errei bat trafikoari irekitzea, errepide horrek garraintzi handia baitu getariarrentzat eta zarauztarrentzat”. Otsailaren azken astean hasi zituzten errepidea birgaitzeko “emergentziazko” lanak. Pasealekuari dagokionez, zuloa baino 100 metro lehenagora arte egongo da bidea irekita oinezkoentzat.

Zumaia aldera, bigarren zuloa

Bestalde, Getaria eta Zumaia artean, 24,288 eta 24,310 kilometrikoen artean, bigarren zulo bat dago, hura ere, kostaldeko euste horman. 10 metro inguruko sakonera du eta errepidearen kanpoko erreiari eragiten dio. Ondorioz, errei bakarra dago irekita eta semaforo bidez, trandakako zirkulazioa dago ezarrita. Aldundiatik azaldu dutenez, dagoeneko, lanak hasi dituzte eta hilabeteko epean amaitzea aurreikusten dute. 

 

Lotutako albisteak: