Bihar inauguratu eta 2025eko urtarrilaren 5era arte egongo da zabalik Chillida/Balenciaga. Forma tolesten erakusketa Cristobal Balenciaga Museoan. Chillida eskultorearen jaiotzaren mendeurrenaren harira antolatu dute erakusketa.

Izan ere, gaur museoan egin duten aurkezpenean azaldu dutenez, “Eduardo Chillidak eta Cristobal Balenciagak gipuzkoar jatorria eta adiskidetasun loturak ez ezik, oinarri filosofiko komuna ere badute”. Galderan eta esperimentazioan oinarrituz lan egindakoak direla zehaztu dute antolatzaileek: “Edertasunaren eta harmoniaren bilaketarekin bat eginda, materia errespetu handiz lantzen dute, materialen taupadei adi”.

Miren Vives Balenciaga Museoko zuzendariak adierazi du “Chillidak landutako Balenciagaren omenez obratik abiatuta”, omenaldi “propioa” antolatuz egin nahi izan dutela bat eskultorearen jaiotzaren urteurrenarekin: “Omenaldi xumea izan arren, beharrezkoa da eta emozioz beteta dago”.

Gaurko aurkezpenean Vives ez ezik, erakusketaren komisario Igor Uria, Chillida Lekuko zuzendari Mireia Massaguék, Eduardo Chillida-Pilar Belzunce Fundazioko zuzendari Mikel Chillidak eta Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriak hartu dute parte.

Egitarau sorta

Erakusketa aitzaki, Balenciaga Museoak eta Chillida Lekuk udaberritik aurrera garatuko duten jarduera sorta ezagutarazi dute. Abuztuaren 10ean NOEUD izeneko dantza-ikuskizuna emango da eta urriaren 19an “bi sortzaileen arteko loturak aztertzeko” jardunaldia egingo dute Carmiña Dovale ikertzailearen eta Igor Uriaren parte-hartzearekin.

Familientzat eta haurrentzat musika eta sormena uztartzeko jarduera bat egingo dute eta “elkarrizketen bidez azalpenezko edukian sakontzeko” beste bat udazkenean.

Gainera, bi museoetako bisitariek %10eko deskontua izango dute sarreran eta lagunek, berriz, %50ekoa “museo zentroetako sarrera-txartelen ohiko prezioan”.

Aste Santuko ordutegia

Datorren asteko jai egunak direla eta, Cristobal Balenciaga Museoak zabaldu egingo du ordutegia eta, martxoaren 25etik apirilaren 7ra, egunero irekiko ditu ateak 11:00etatik 19:00etara. Horrez gain, plaza mugatuko bisita gidatuak egingo dira egunero; 11:00etan eta 17:00etan gaztelaniaz izango dira eta 13:00etan, euskaraz.

 

Lotutako albisteak: