Getariako batelek, Gipuzkoako gainerakoekin batera, larunbatean amaitu dute aurtengo denboraldia. Larunbateko estropadak, gainera, denboraldiko sailkapena erabakitzeko ez ezik, Gipuzkoako Batel Txapelketako kanporaketa jardunaldi modura balio zuen.

Denboraldiko sailkapenari dagokionez, promesen kategoriako mutilen A ontziak sasoi ederra egin eta horri esker, hirugarren postua lortu du. Hala, brontzezko domina eskuratuta, gustura itzuli dira etxera arraunlari gazteak. B ontzia atzerago ibili da eta hamargarren lekua eskuratu du.

Promesen kategorian aritu diren neskek ez dute nahi bezain denboraldi ona egin eta sailkapenaren erdialdetik behera geratu dira; zehazki, hamabosgarren lekuan. Azkenik, posturik baxuena gazteen kategoriako mutilena izan da, zazpi lehiakideen artean azkenak izan baitira.

Gipuzkoako txapelketan, saririk ez etxekoek

Larunbateko estropadan lortutako emaitzei esker, herriko bi batel sailkatu ziren igandean jokatutako Gipuzkoako Batel Txapelketara. Mutilen promesen mailako ontziak ohorezko txandan egin zuen arraun –aurkari izan zituen San Juan, San Pedro eta Zumaia–. Getariarrek 07:15,65eko denbora behar izan zuten lanak amaitzeko eta ezin izan zituzten beste hiru aurkariak aurreratu. San Juan izan zen bizkorrena eta hark 06:58,69an egin zituen hiru luzeak; Zumaia izan zen helmugaratzen bigarrena eta San Pedro hirugarrena.

Mutilen gazteen kategorian, Federakuntza Saria lortzeko lehian aritu zen Getaria, Ur Joko taldearekin batera. Bien artean, azken hori izan zen azkarrena eta, beraz, berak lortu zuen saria. Getariarrak, beraz, saririk gabe etxeratu dira baina, Gipuzkoako Txapelketan jokatu izanaren ohorearekin.

Argazkia: Getariako Arraun Elkartea

Lotutako albisteak: