Atzo aurkeztu zuten udalbatzar aretoan Getariako Udalak, Zanbuka Guraso Elkarteak eta Iturzeta Herri Eskolak abiatu berri duten proiektua; hain justu, Getariako herri curriculum bat sortu eta hura ikastetxeko curriculumean txertatzearena. Egitasmoaren inguruko xehetasunak ematen, bertan izan ziren, Nahia Iturbe hezkuntzako zinegotzia, Nagore Etxabe herri eskolako zuzendaria, Maddalen Gereka gurasoa, Mikel Muñoa guraso elkarteko ordezkaria, eta Gaizka Gorostiaga proiektuaren arduraduna.

Azken urteotan, aipatutako hiru erakunde horien artean lortutako lankidetza maila azpimarratu zuen Iturbek, eta gaineratu esku artean duten proiektua “urrats garrantzitsu bat” izango dela. Egitasmo horren bitartez, “herriarekiko gertutasunean hezi nahi ditugu gure ikasleak eta asmoa litzateke herriaren ezagutza jakintza moduan barneratzea”, azaldu zuen hezkuntzako zinegotziak.

Ezagutza horren transmisio katea eteteak eragindako kezkatik sortu zen ideia, eta helburua da belaunaldiz belaunaldi trasmititu izan den jakintza ez galtzea. Ildo horretan, Iturzaeta Herri Eskolako zuzendariak herriko ezagutzaren transmisioa, urteetan zehar, familia giroan egin izan dela, baina egungo errealitatea bestelakoa dela nabarmendu zuen: “Getariar jatorrikoak ez diren geroz eta familia gehiago daude herrian, eta guk eskolan ere halaxe dauzkagu”.

“Gure ondare inmateriala balioan jartzeko beharra” aldarrikatu zuen Gerekak, eta herria hobeto ezagutuz gero ondo maitatu eta zainduko dela gaineratu zuen. Herri curriculuma gauzatzeko, udalaren eta guraso elkartearen artean hitzarmen bat egin dute eta proiektura 6.000 euro bideratuko dituzte. Sorkuntza prozesu horretan, Gaizka Gorostiagaren laguntza izango dute. Ideiaren lanketarekin hasi orduko, aditu baten beharra ikusi zutela azaldu zuen Muñoak: “Guraso Elkarteak deialdi bat egin zuen, pertsona nahikotxo aurkeztu ziren, eta egindako elkarrizketen ostean, Gaizka Gorostiaga izan zen hautatua”. Momentuz, sei hilabetez arituko da eskolako unitate didaktikoak “aberasten”.

Herriari buruzko edukien txertaketa

“Gure abiapuntua lehendik ere eskolan ditugun programazioak nahiz unitate didaktikoak izango dira, eta horietan, pixkanaka, herriko jakintzak modu didaktiko batean txertatzen joango gara; adibidez, ekosistemak lantzen ari bagara, gure proiektua Getariako ekosistemari buruzko ezagutzekin aberastea”, azaldu zuen Etxabek. Hain justu, horretan lagunduko dei Gorostiagak.

Artxiboko irudia

Batez ere Natur eta Gizarte zientzien arloan zentratu direla adierazi zuen Gorostiagak: “Unitate didaktikoak ikertzen hasi gara, eta bakoitzean zer lantzen den eta horietan Getariak herri bezala edo getariarrek zer gehiago eskaini dezaketen aztertuko dugu”.

Oraingoz, lan-akademikoan eta unitate didaktikoak osatzen dihardute buru-belarri, baina datorren irailean, egindako guztia ikasleekin praktikan jartzea da asmo. “Jada, 5. eta 6. mailako tutoreekin hasi gara lanean; zaharrenengandik hasi eta txikienengana iritsiko gara”, zioen Gorostiagak.  Helburua da “datozen belaunaldiek ere oraingoek jasoko dituzten jakintza berberak jaso ditzaten, herri curriculum hau modu sistematizatu edo antolatu batean lantzea”.