Datozen urteetako eraldaketari begira, teknologia digitalak eta adimen artifizialak garrantzi handia izan dezaketela aurreikusten du Urola Kostako Udal Elkarteak. Horren harira, aurten ere, maiatzaren 31n hasita, Izan Be Digital ikastaroa emango du, etorkizunean funtsezkoa izango den adimen artifizialaren alorrean trebatzeko.

Programaren helburua eskualdeko herritarrak adimen artifizialean modu praktiko eta aplikatuan gaitzea da. Bereziki, informatikako ezagutza eta erabilpen maila ona duten herritarrei bideratuta egongo da, langile nahiz lana bilatzen ari direnentzat. Ikastaroan zehar, gai ezberdinak jorratuko dira: adimen artifizialaren bilakaera nahiz egungo ekosistema, aplikazioak, datu motak eta haien garrantzia edo ikerketa, Business Intelligence plataformak edo programazioa eta scriptingera sarrera.

Dagoeneko, izen-ematea zabalik

Ikastaroak guztira 90 ordu izango ditu, lau astetan banatuta; hain zuzen ere, maiatzaren 31tik ekainaren 25era. Saio guztiak goizez izango dira; 09:30etik 14:00etara, Udal Elkartearen Egoitzan. Hala ere, aurrez, maiatzaren 26an, prestakuntzaren, metodologiaren eta euskarrien berri emateko, aurre saio bat egingo da.

Izen-ematea dagoeneko zabalik dago eta aurrez aurre zein erregistro elektroniko bidez egin ahalko da maiatzaren 25a baino lehen. Horretarako, Urola Kostako Udal Elkarteko egoitza elektronikoan bi dokumentu deskargatu eta bete beharko dira: eskaera orriaz gain, ezagutza-balorazio galdetegia bete beharko da, ikastaroan parte hartzeko aurrez informatika ezagutza ona izatea ezinbestekotzat jotzen baitute antolatzaileek.

Nolanahi ere, proiektuaren inguruko xehetasun guztiak azaltzeko, maiatzaren 18an, 10:00etan, informazio saio bat eskainiko du elkarteak. Jardunaldia “online” izango da, Gotomeeting plataforma bidez, eta bertan parte hartu ahal izateko ezinbestekoa izango da aurrez balorazio galdetegia betetzea. Era berean, argibide edota informazio gehiago 943 890 808 telefona zenbakira deituta edo lanpoltsa@urolakosta.eus helbide elektronikoan.