Eguraldiak baldintzatu ditu aurtengo San Juan festak Balenciaga kalean. Bezperan danborrada egiterik ez zen izan, baina atzo arratsaldeko altxaldiari esker, eguzki berotan gozatu ahal izan zuten getariarrek bertso saioaz. Bazen gogoa, bertaratutako jende kopuruak erakutsi zuenez.

Oholtza gainean, getariar eta zarauztarren lagunartekorako prest, Danel Olano, Andoni Egaña, Felix Zubia eta Amets Aizpuru. Gai-jartzaile, berriz, Uxune Areizaga, eta uneren batean hari puntuak jartzen laguntzen, herriko gaztetxoen bertso eskolako kideak.

Bertso saioaren aurretik, ordea, aurten lehen aldiz antolatu duten San Juanetako Marrazki Lehiaketako sariak banatu zituzten. Goiatz Garaik irabazi zuen saria LH1 mailan, Malen Troitiñok LH3 mailan eta Uxue Azkuek LH5 mailan. Horrez gain, parte-hartzaileen artean bost sari zozkatu zituzten.