Sarek deitutako Ibilian ibilian ekimenaren bat egin duten eskualdeko bizilagunek euritan egin behar izan dute Orio, Aia, Zarautz, Zestoa, Aizarnazabal eta Zumaiatik Getariarako bidea. Euskal presoen, iheslarien eta deportatuen eskubideak aldarrikatzea eta haien etxeratzea eskatzea helburu, 11:15 aldera heldu dira lehenak Getariara, adar eta txistu soinuen artean.

Bertan, Euskal Preso eta iheslariak Euskal Herrira zioten banderolak eskuan, getariar multzo batek egin diete harrera. Denak plazan bildu dira eta manifestazioa egin dute Elkano kalean eta Kale Nagusian.

Amaierako ekitaldian, bertsoa abestu du Libe Goenaga bertsolari getariarrak. Presoen senideek errepideetan bizi duten “trantzea” aipatu du, eta aldarrikatu “askatasuna da bide bakar bakea bideratzeko”. Sareko kideek gogoratu dute “preso, iheslari eta deportatuek etxerako prozesua egin dezaten urratsez-urrats bultzada ematea” dela Ibilian ibilian ekimenaren asmoa. Besteak beste, herri ekimenek bultzatuta, pausoak ematea lortu bada ere, “bide luzea” dagoela egiteko adierazi dute.

Ekitaldia amaitu aurretik Kalera, kalera abestu dute denek batera.