Beste zenbait hilerritan bezala, Getarian ere, ehunka herritarren hezurrak biltzen dituen txoko bat dago. Getariako Udalaren ekimenez, gune hori atondu dute.

Alde batetik, altzairuzko plaka bat jarri dute. Bertan, Uxue Alberdiren ondoko hitzak irakur daitezke: “Izenik gabeko hezurrak, iraganaren beroa. Hautsa konpainia isila da itsasoaren aurrean”. Alberdik azaldu duenez, hitz horiekin honakoa adierazi nahi izan du: “Hilek konpainia egiten digute eta hildakoek elkarri konpainia egiten diotela pentsatzea gustatzen zait. Hor badago bero sumaezin bat, izan zirenena, izango garenona. Eta, bitartean, itsasoak xuxurlaka jarraituko du eta kaioek hegan”.

Bestetik, albo batean, Arbasoen zuhaitza izeneko horma-irudia margotu du Ainara Aspiazuk. Arbasoek zuhaitz bat sortzen dutela irudikatu nahi izan du sortzaileak: “Itsasoa eta lurra behean, izarrak zeruan eta tartean haragizko besoek sortzen dituzten adarrak dituen zuhaitza. Lurretik zeruraino, gure egonaldi honetan batzuk joan eta besteak etortzen garelako, sekula bukatzen ez den bizitzaren bidaia luzean barna”. Era berean, zenbait landare eta aulki bat ezarri ditu udalak.

Argazkia: Getariako Udala