Atzo jokatu zen Zarautzen bikote mixtoen kros lasterketaren 43. edizioa. 11:30ean hasita, orotara, 550 bikotek parte hartu zuten. Aritzbatalde kiroldegi paretik hasita, 7,5 kilometroko ibilbidea egin behar izan zuten korrikalariek.

Getariarren artean, Jokin eta Eneida Etxabe anai-arrebek lortu zuten denborarik onena. 32:38 minutu behar izan zituzten proba amaitzeko eta sailkapen orokorrean 21. postua lortu zuten. Bigarren bikote getariar azkarrena Jokin Aranberrik eta Ainere Tolosak osatutakoa izan zen. Horiek 36:47 minututan osatu zuten ibilbidea eta 93. postua lortu zuten.

Lasterketako irabazleak Judith Otazue (Gernika) eta Jon Unzueta (Durango) izan ziren. 27:51 minutu behar izan zituzten eginbeharrak amaitzeko. Sailkapen osoa hemen dago eskuragai.

Gainera, aurten, lehen aldiz, gaztetxoek ere korrika egiteko aukera izan zuten heldu baten laguntzarekin. Hala, proba nagusia hasi baino ordubete lehenago, 2 kilometroko ibilbidea osatu zuten partehartzaileek. Ane Bosch eta Unai Aranbarri izan ziren garaile.

Argazkia: Zarauzko Hitza