Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailak joan den urtean erosi zion Lorenzo Riva italiar diseinatzaileari 8.362 erreferentziarekin osatutako funtsa; hain justu, funts horren erakusgarri da gaur, Balenciaga Museoak zabaldutako erakusketa. Atzo egin zuten erakusketa berriaren aurkezpen ofiziala eta bertan izan ziren, besteak beste, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu eta Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Bingen Zupiria, Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuorde Andoni Iturbe, Getariako alkate Haritz Alberdi, Cristóbal Balenciaga Museoko zuzendari Miren Vives, Lorenzo Riva eta Artconsultingeko kideak.

120 marrazki eta dokumentu daude ikusgai eta horien bidez, Balenciaga Etxean XX. mende erdialdean egindako lanaren prozesua jasotzen da. “Zenbait eskuk eta askotariko teknikak erabiliz egindako zirriborroez gain, hainbat dokumentu pribatu eta Cristobal Balenciagak eskuz idatzitako ohar ugari bildu dira”, azaldu dute museotik. Material guztia digitalizatzen eta papera kontserbatzeko, euskarri egokietan jartzen ari dira.

Funtsaren ia bosten bat aurretiazko zirriborroek osatzen dute. Oharrik gabeko marrazkiok esplorazio-ideiak irudikatzen dituzte eta ez dira, nahitaez, bildumako modelo bihurtzen. Erakusketaren zatirik garrantzitsuena, ordea, 1956 eta 1962 urteen artean egindako tailerretako zirriborroei dagokie. Marrazkion bidez, Balenciaga Etxeak denboraldi bakoitzean aurkeztu zituen modeloei buruzko informazio zehatza dago. Balenciagak berak eskuz idatzitako oharretan, zenbait modeloren eraketari buruzko aldaketak eta argibideak ere ikus daitezke.

1940ko hamarkadan, antzerki emanaldietarako egindako zirriborro ugari biltzen ditu funtsak. Aldiz, komerzializatzeko asmoarekin egindakoak ez dira hain ohikoak.

Bildumaren jatorria

Rivak Balenciaga etxeko zuzendari gisa lan egin zuen 1980 eta 1982 artean. Hala, enpresaren salmenta negoziatzen ari zirenean, handik irteteko kalte-orain ekonomiko bat eta piezatan ordaindutako beste bat adostu zituen; azken hori da, hain zuzen, aipatutako artxiboa. “Poztu egin nintzen salbatu nituelako. Nahasmeneko urte haietan, zeinetan Balenciaga Etxean sozietate aldaketa etengabeak izan ziren, galdu egingo ziren”, dio 84 urteko italiar diseinatzaileak. Era berean, gaineratu du “oso pozik” dagoela orain, marrazkiok Cristobal Balenciaga Museoan gordeko direlako.

Erakusketa amaitzean, maiatzaren 21ean, agiriak Cristobal Balenciaga Museoaren gordailuan jasoko dituzte, bertan aztertu eta ikertu ditzaten. “Ziur nago merezi duten bezala aztertu eta baloratuko dituztela. Moda ez da soilik negozio bat, historia da, unean uneko gizartearen isla” argudiatu du Rivak.