Josep Font. Edertasuna eta egonezina izenburupean irekiko du Cristobal Balenciaga Museoak hurrengo aldi baterako erakusketa. Museotik azaldu dutenez, XX. mende amaieratik XXI.era bitarteko tartean, sortzaile estimatuenetako bat izan da Font. Erakusketak diseinatzaile katalanaren hogei urte baino gehiagoko ekoizpena jasotzen du eta ekainaren 30etik 2024ko urtarrilaren 7ra arte egongo da ikusgai.

Fundació Antoni de Montpalau erakundearen zuzendari den Josep Casamartina i Parasolsek egin ditu komisario lanak. Hala, Fontekin lankidetza estuan, hari buruzko lehen erakusketa antologikoa proposatu du. Museotik jakinarazi dutenez, sortzaile kataluniarraren bilakaera jasotzen du proposamenak eta diseinatzailearen sorkuntza garrantzitsuenetako batzuk daude ikusgai.

2010eko hamarkadan, Cristobal Balenciagaren eragin nabarmenarekin, “sormen-heldutasunera” iritsi zela argudiatu dute eta prestatu duten erakusketaren bidez, “diseinatzaile katalanaren eta goi-mailako jantzigintzaren maisuaren artean egon daitezkeen parekotasun ugariak azpimarratu nahi” izan dituztela nabarmendu dute.