Orain dela 22 urte, tokiko eta euskarazko hedabide baten beharra identifikatu eta hainbat herritar batuta, ARTZAPE herri aldizkaria jarri zuten abian. Urteak igaro eta garaiak asko aldatu dira orduz geroztik, baita proiektua bera ere.

Biziraun ahal izateko, ARTZAPE beti saiatu izan da aro berrietara egokitzen; horren adibide da, esaterako, artzape.eus webgunea. Mundu digitalerako jauzia 2018an eman genuen eta horrek eragin nabarmena izan du bai lantaldearen funtzionamenduan, bai proiektuaren irismenean. Izan ere, hilabetekari bat izatetik, eguneroko informazioa jaso eta zabaltzen duen proiektu izatera igaro gara.

Aipatu modura, urteotan aldaketa ugari egin dira proiektuaren baitan, eta aurrerantzean ere horretan jarraitu beharko dugu. Aurrerapausoak ahalik eta norabiderik egokienean emateko, ordea, zuen, irakurleon, iritzia ezinbestekoa da guretzat. Horregatik, laguntza eske gatoz.

Egun, barne analisi eta hobekuntza prozesu baten baitan dago sartuta ARTZAPEko lantaldea eta errealitatearen argazki ahalik eta osatuena atera ahal izateko, zuen iritzia jakin nahi dugu. Horretarako, galdetegi bat prestatu dugu eta bertan, ARTZAPEren egungo jardunaren inguruko hainbat galdera planteatzen dizkizuegu. Helburua da hobetu beharreko eremuak identifikatzea, ondoren horiek egokitzen saiatzeko.

Galdetegia egiteak ez dizkizu 5 minutu baino gehiago kenduko eta guk informazio benetan baliotsua jasoko dugu.

Aldez aurretik, eskerrik asko emandako laguntzagatik!