Getariako Udalak martxan jarri berri du literatur lehiaketako 23. edizioa. Azken urteetan bezala, Lehen Hezkuntzako 3. mailatik gorako getariarrek hartu ahal izango dute parte.

Hala, mailaz maila banatu dituzte parte-hartzaileak eskola garaian eta 12-14 urte arteko gaztetxoen, 14-16 arteko gazteen eta 16 urtetik aurrerakoen kategoriatan gainerakoak. Maila bakoitzean nahi adina lan aurkez ditzake parte-hartzaile bakoitzak, ipuin zein bertso/olerki modalitateetan.

Gaia librea izango da eta jatorriz euskaraz idatzita egon beharko dute lanek. Gainera, beste inolako lehiaketatan saritu gabeak izan behar dira.

Idazlanak apirilaren 4rako, 19:00etarako, entregatu beharko dira udaletxean edo liburutegian. Epaimahaia Iturzaeta Herri Eskolako, udal liburutegiko eta Artzapeko ordezkari banak, eta Getariako Udaleko Euskara Batzordeko ordezkariak osatuko dute. Haiek erabakitakoarekin, apirilaren 23an egingo da sari banaketa.

16 urtera artekoen irabazleek sari bana jasoko dute eta hortik gorakoen kategoriko sarituek, aldiz, 150na euro.