Euskadiko Triatloi Federazioaren egutegian lehena izango da berriro Getariakoa; izan ere, antolakuntza kontuengatik maiatzaren amaiera aldera egin da hainbat aurtez baina zortzigarren edizioa, aurtengoa, maiatzaren 4an izango da. Atzo iluntzean ireki zuten izen-ematea.

Probari 16:00etan emango zaio hasiera eta parte-hartzaileek 750 metro egin beharko dituzte igeri Malkorbe hondartzan. Moilan bizikleta hartu eta 20 kilometroko ibilbidea izango dute aurretik. Garate gainera igo eta Meagatik Zumaiarantz jaitsi beharko dute, kostako errepidetik Getariara itzultzeko. Azkenik, herrian zehar korrika bi buelta emanda, bost kilometro osatu beharko dituzte Kale Nagusian helmugaratu aurretik.

Antolatzaileek iragarri dutenez, 400 bat pertsona espero dituzte aurtengo proban ere. Izen-emate epea apirilaren 28ra arte dago zabalik. Federatuek –baita atzerritar federatuek ere– 39 euro ordaindu beharko dituzte, ez federatuek, berriz, 54 euro.

Bultzada emakumeen parte-hartzeari

Ibon Aranguren Getaitriko presidenteak ARTZAPEri jakinarazi dionez, 70en bat emakumek hartu ohi du parte Getariako Triatloian: “Aurten 100era heltzeko erronka dugu”.

Horretarako, eskaintza berezia prestatu dute. Federatuen artean, klub bakoitzetik apuntatzen diren hiru emakumeko, haietako baten izen-ematea doakoa izango da kirolariarentzat, Getaitrik hartuko baitu bere gain.