Zigor Saizarrek honako ekarpena egin du komunitatera, zendu berri den Itziar Etxeberria Bikuña gogoan:

Kota Kinabalu, 2024-03-11

Antxoooa! Antxooooa! Non hagon, Itziar, azokako erregin hori?

Antxoa eta atunetako sasoian, primaderan eta udan, egon ohi zen Berdura plazako tronoan eserita. Antxoa eta atuna zituen gustuko, bere amarekin arrain saltzen hasi zenean, beraiek ez zuten legatzik edo arrain zuririk saltzen, arrain garestiegiak ziren beraientzat. Antxoa eta atuna. Eta plazan sartu orduko entzuten zenuen bere deiadarra: Antxoooooa! Antxoooooooa!

Pasaran “guapo” edo “guapa” deitzen zizun ingurukoek entzuteko moduan, ea ez zenuen arrairik eraman behar etxera galdetu, Getaiko zilarra eramango zenuela, merke-merke gainera. Eta zu, ezpainak gorri-gorri, ilea Sofia Loren bezain dotore eta begiak Elizabeth Taylor bezala margotuta zituen emakume eder haren sarean kateatzen zinen.

“Libra bat, majo? Hi, getaiarra lai ta itxian garbituko txuk”. Kilo erdia pisatu ondoren, beste eskukada ondratua botako zizun paper zuriaren gainera. Eta agurtzeko, pelikuletako dibak bezala, betazal ederreko begia kliskatu. Handik pixka batera, gaizki pasatzen ari zen familia bateko mutil koskorra ikusi eta “txikito, etorri honea” aginduko zion. Antxoa kilo bat edo sartuko zion poltsan, borondatez, gorpuzkeraz adina bihotz handia baitzuen Itziar peskaderak.

Gaur Kota Kinabaluko azoka filipinarrean dozenaka Itziar entzun ditut arraina saltzen, ahoz gora itsasoko baratzetik ateratako fruituak eskaintzen. Hunkitu egin nau haien marruak entzutea, malasieraz ari ziren, irudimenak, ordea, itzulpena azkar egin du: “Antxooooooaaaa merke-merke! Atuna 10 ringgit bakarrik! Izkirak bizi-bizi! Txibiak erroak saltoka!”.

Seguruna kotxina-marranaka ibiliko laiela uain ere, Itziar, baina azkar aixkiratuko laiz, txanpain kopa batekin txin-txin eginez. Itziar peskadera, Itziar handia, Itziar azokako erregina. Lehenengo konpartsako Dama. Arraina ahoz goran saltzen zuen tribuko azken emakume puska. Itsasoak gozo hartuko hau.

Irudia: EITB.