Idatzi hau ez da gizarte honetan hainbeste txakur ekartzearen behar psikologiko, soziologiko edo ez dakit zenbat “giko” gehiago aztertzeko egina. Norberak jakingo du zein beharrek eraginda ekartzen dituen eta esangabe doa, nahiz eta nik animaliarik ez izan, ez naizela inolaz ere animalien kontrakoa. Txakurrak animaliak dira eta izaera hori dutelako, euren behar fisiologikoak dituzte eta baita zentzumen ikaragarriak ere harremanak izateko.

Sarrera nahiko petrala egin dut gaur goizean, nire dendara sartu aurretik derrigorrezko txakur-txizen garbiketa egin beharra izan dudalako. Dendaren bi alboetako paretak eta pertsiana txiza errekez josiak nituen, horrek dakarrenarekin; zikina, usaina… Ez naiz udaletxera zuzenduko, animaliei buruzko ordenantzak aldatzeko eskatzera edo udaltzainak txakur-jabeak isundu ditzala eskatzera. Ez dut uste hori beharrezkoa denik, jabe bakoitzak bere ardurak beteko balitu. Kalean zabiltzatenean, lotuta eramatea beharrezkoa da eta lotuta dagoelarik ere, gure paretetan bere beharrak asetzen hasten bada, eusten saiatu. Denok dauzkagu “deskuiduak” eta ez baduzue gelditzea lortu, ba hartu ur botilatxoren bat, garbikariren batekin, eta garbitu.

Ez nuke nahi idatzi hau egin dudalako txakur-jabe zaretenok nirekin haserretzerik baina, izenburuak dioen bezela, nazkatu naiz!!!

Begoña Garate (Harritarte denda)