Getariako EAJ-PNVko kideak, Iosu Mugika bozeramailea buru zela, Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegituretako foru diputatu Maria Ubarretxena eta Plangintza eta Ustiapeneko zuzendari nagusi Mikel Uribetxebarriarekin elkartu ziren asteazkenean, martxoaren 13an, Getariako errepideen inguruan hitz egiteko.

2023ko hauteskundeetan emandako hitza bete eta herriarentzako onak diren proiektuak lantzen jarraitzen du EAJ-PNVk. Oraingoan, Gipuzkoako Foru Aldundian izan dira, Getariarentzako beharrezkoak diren proiektuak helarazi dizkio Aldundiari:

  • Meagako errepidearen berritzea.
  • N-634tik Askizu eta San Prudentzioko sarrera.
  • Erromes bidea eta Askizuko bidea elkartzen diren puntuko ikusgarritasuna.
  • Getaria-Zumaia bitarteko pasealekua.

Meagako errepidea izan zen gai nagusia. EAJ-PNVk berriz ere eskerrak eman zizkion foru diputatuari, alderdiak egindako eskaerak onartu eta martxan jartzeagatik. Hala ere, zenbait arazo gehiago ere mahaigaineratu zituzten: errepideko zuloek ahalik eta azkarren konponbidea behar dutela, errepidean zulo oso handiak daudelako; bertako landarediaren mozketa egin behar dela, ikusgarritasuna kentzen baitu errepidean; baita, noski, errepidearen berritze integralaren proiektua bultzatzea.

Aldundiaren partetik harrera ona izan zuten eta gaiak banan-banan aztertu ziren. Horrela, etorkizun hurbilean Meagako errepidea konpontzeko proiektu berri bat egiteko konpromisoa hartu zen eta zuloak ahalik eta lasterren konponduko dituzte.

N-634tik San Prudentzio eta Askizurako sarreraren inguruan, lanketa egin aurretik, EAJ-PNVk Madrilen eskatutako Getaria-Zumaia pasealekuaren exekuzio proiektua amaitu behar da eta gero, horren arabera, moldatu.

Erromes bidea (Loidi Baserriko aldapa) eta Askizuko bidea lotzen diren puntuan ikusgarritasuna lortzeko egitasmoak aztertzeko konpromosioa ere hartu zen.

Getariako EAJ-PNVko kideak pozik daude bileraren ondoren, “bilera oso interesgarria eta emankorra izan da. Aldundiaren partetik prestutasuna ikusi dugu gure proposamenekiko. Gauzak onbidean, getariarren bizi kalitatea asko hobetuko dute proiektuok”.

Azkenik, Maria Ubarretxena foru diputatuak jakinarazi zion udal taldeari, ostiral horretan irekiko zela Getaria eta Zarautz lotzen dituen N-634 errepidearen errai bat. EAJ-PNVtik oso berri ona dela berretsi dute eta lanak maiatza bukaerarako amaituak izatea espero da.