Igande goizaldean, erlojuaren orratzak ordubete aurreratu beharko dira. 02:00etan 03:00ak izango dira eta udako ordutegia sartuko da indarrean. Hala, egunak beranduago argituko du eta iluntzeak atzeratu egingo dira. Ordutegi hori urriaren 27ra arte mantenduko da.

Aurrezteko helburuarekin, Europar Batasunak 2001ean ezarri zien derrigorrezko ordu aldaketa estatu kideei. Geroago, 2018an, Europako Batzordeak ordu aldaketa bertan behera uztea onartu zuen, europarren %84aren adostasunarekin. Hurrengo urtean, Europako Parlamentuak erabakia berretsi eta urtebeteko epea ezarri zuen egitasmoa gauzatzeko. Ezinezkoa izan zenez, 2021era atzeratu zuten; baina egun, oraindik, EBko estatu kideek ordua aldatzen jarraitzen dute.

Planetaren Ordua

Gipuzkoako Foru Aldundiak bat egin du Planetaren Ordua ekimenarekin. Mundu mailan egiten den egitasmo horrek helburu du klima-aldaketari aurre egiteko ekintza zehatzak hartzearen garrantziaz herritarrak kontzientziatzea. Jasangarritasun Departamentuaren ekimenez, aldundiako fundazioek, entitateek eta erakundeek itzali egingo dituzte beren eraikinetako argiak larunbatean, martxoaren 23an, 20:30etik 21:30era.

Era berean, egitasmoarekin bat egiteko deia egin die herritarrei aldundiak eta animatu ditu “guztiontzat etorkizun jasangarriagoa eta bidezkoagoa eraikitzeko, elkarrekin lan egiteko moduei buruz hausnartzera”.