Aberri Eguna. Urtero berritzen eta berresten dugu Euskadi dela euskaldunon aberria. Izan ere, Pazko igandearekin seinalatuta dugun egun honek badu berezko izaera bat, hauteskunde koiunturek eta egoera ezberdinek kentzen ez diotena: gure naziotasunaren aldarria.

Bizi ditugun garai nahasi hauetan, tinko heldu behar diogu gure herri izaerari, abertzaletasunak ematen digun konbentzimendua ozen azalduz. Ez baikara honaino iritsi, orain, amore emateko. Ez dugu etsiko, inoiz ere ez.

Ez dugu amore emango, ez. Ezta, Espainiako politika garrasika gure etxeetan eten gabe sartzen diguten honetan ere. Ezta baten batzuek, auzi nazionala euskal alderdien lehia politikotik ateraz, gai sektorialetara soilik bideratzen ari dela sinestarazi nahi diguten honetan ere.

Ez dugu amore emango. Ezta beste batzuek, sinestekoa ez den eran, gure herriaren izena ez ezik, bere sinboloa den ikurra ukatzen eta hura ordezkatzeko saiakera gaiztoan dabiltzan honetan ere. Bestela ere ez dugu ba nahikoa oztopo gure askapen nazionalaren bidean! Zer klasetako abertzaleak dira, alderdikeriaz itsututa, hegemoniaren bila ikurrina baztertzen dabiltzanak, eta Euskal Herria Euskadi gabe uzten?

Euskadi da euskal nazioaren izena eta sei dira euskal herriak. Ikurrina da euskal nazioaren bandera eta sei euskal herriek, Nafarroak barne, dute bakoitzak bere bandera. Guk, Nafarroa maite dugu, Zuberoa, Lapurdi, Gipuzkoa, Bizkaia eta Araba maite ditugun bezala. Euskadi, ikurrina eta euskara, hirurak batera askatasuna irabazteko, Agirre lehendakariak zioen bezala.

Euskadik, Espainia eta Frantziaren mendean, bide luzea du askatasunerantz. Eta nola ekin bide horri izana ematen duen izena ukatuz? Nola, ikurrak nahastuz eta ikurrina gutxietsiz? Europako beste zein herritan gertatzen da horrelako aldrebeskeriarik? Inon ez. Hemen bakarrik, batzuen “begirada” itsututa dagoelako hegemonia kosta ahala kosta lortzeko prest.

Guk, Euzko Alderdi Jeltzaleko gizon eta emakumeok, Aberri Egunean, Euskadiren herri izaera, nazio izaera eta bere askatasuna lortzeko duen oinarrizko eskubidea erreibindikatzen ditugu. Abertzaleak garelako.

Euzko Alderdi Jeltzalearen izateko arrazoia euskal nazioa eraikitzea eta garatzea da. Nazioa gara eta gure nazio izaerak nazioartearen aitortza merezi du. Euskadik, bere estatus politikoa erabakitzeko eskubidea dauka, herri-borondatean errotua eta gainontzeko nazioekiko berdintasunean eratua. Hori da EAJ-PNVren helburu politiko nagusia. Eta lortuko dugu.

Eta, aipatu bezala, euskara. Euskara dugu gure konpromiso politikoaren ardatza. Geure burua eta geure seme-alabak hiztun oso izateko edo izaten jarraitzeko baldintzak sendotuko ditugu. Horretarako, bakoitzaren inplikazioa ezinbestekoa izanik, ez da aski. Gure herrian euskalgintzak eta erakunde publikoek funtsezko zeregina dute hizkuntzaren normalizazio prozesua gidatzeko.

Naziogintza eta euskara, beraz, ardatz. Eta horiekin batera justizia sozialean, berdintasunean, askatasunean eta elkartasunean oinarritutako eredu sozioekonomikoa, horrek guztiak osatzen du Euzko Alderdi Jeltzaleak, Aberri Egunean, Herri honekiko berresten duen konpromisoa. Gizon eta emakume askez osatutako askatasuna lortuko duen Euskadin sinesten dugulako.

GORA EUSKADI ASKATUTA!

Mª Eugenia Arrizabalaga Olaizola, EAJ-PNVko legebiltzarkidea eta Gipuzkoako Batzar Nagusietako bozeramailea.