​Herritarrek administrazioarekin dituzten harremanak euskaraz izan daitezen bultzatu nahian, errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpaina abiaraziko du UEMAk, bertako kide diren udalekin eta foru ogasunekin, elkarlanean. Gipuzkoan eta Araban apirilaren 8an hasiko da errenta aitortzeko epea; Nafarroan, apirilaren 9an; eta Bizkaian, apirilaren 10ean. Gehienetan, ekainaren amaiera arte egin ahal izango dira aitorpenak.

UEMAtik azaldu dutenez, “errenta euskaraz egiten duen herritarren kopurua urtez urte gorantz ari den arren, errealitate soziolinguistikoak erakusten dituen datuetatik urrun dago oraindik”. Hain justu, kanpainaren helburua horretan eragitea da, errenta aitorpena euskaraz egiten dutenen kopurua handitzean. Gipuzkoari dagokionez, orain arte, 92.173 herritarrek eskatu dute ogasunarekiko harreman hizkuntza euskara izatea eta UEMAtik, hasieran jarritako 100.000 laguneko “helburu sinbolikoa” kanpaina honetan gainditzea espero dute.

Nola egin aldaketa?

Errenta aitorpena euskaraz egitea eskatzeko bideak ugariak dira. Alde batetik, autolikidazio proposamena onartzerakoan, telefonoz zein internet bidez, euskaraz egin nahi dela esan eta aurrerantzean, ogasunak agiriak euskaraz bidaliko dizkio eskatzaileari. Bestetik, aitortza modu mekanizatuan egin behar duenak, hitzordua hartzerakoan, adierazi beharko du ogasunarekin harremanak euskaraz izan nahi dituela. Horrela eskatuz gero, ogasunarekin harremana euskaraz izan dezake, bai aurrez aurre eta bai telefonoz zein internet bidez. Ogasunak sinatzeko ematen duen orria ere euskaraz jaso dezake.

Azkenik, internet bidez egiten duenak errenta programaren euskarazko bertsioa jaitsi beharko du internetetik eta hobetsitako hizkuntza atalean euskara hautatu. Aholkularitzaren bat aukeratzekotan, berariaz adierazi beharko du aitorpena euskaraz egin nahi duela. Beste modu batean egiten badu (finantza erakunde batean, esaterako), euskaraz egiteko eska dezake.