Gure Txeru Pilota Elkarteak antolatuta, aurtengoa gizonezkoen eskuz binakakako Salbatore pilota txapelketaren XXVI. edizioa izango da. Interesatuek atzotik eta hilaren 20ra arte dute lehiaketan izena emateko aukera. Izen-ematea telefono bidez (688 863 860) edo posta elektronikoz (etxanizgetaria@gmail.com) egin daiteke.

Partidak maiatzaren 6an hasiko dira eta finalak, ohi modura, abuztuaren 6an, Salbatore Egunean jokatuko dituzte. Maiatzean eta ekaineko lehen asteetan, astelehen eta asteazkenetan, 18:30ean hasita jokatuko dituzte partidak. Ekainaren erditik aurrera, aldiz, larunbatetan ere izango dira norgehiagokak, 18:00etatik aurrera. Kanporaketa bidez jokatuko da txapelketa eta partida jokatzeko eguna baieztatuta duen bikoteak azken orduko bajaren bat izanez gero, klubak berak bilatu beharko du ordezkoa. Hala egin ezean, bikotea txapelketatik kanporatua izango da.

Hiru kategoriotako pilotariek hartu dezakete parte txapelketan: kadeteek (2008. eta 2009. urteeetan jaiotakoek), jubenilek (2006. eta 2007. urteeetan jaiotakoek) eta 23 urte azpikoek (2001. urtea bitartean jaiotakoek, horiek barne). Maila bakoitzean, klub bakoitzetik nahi adina bikote apunta daitezke. Antolakuntzatik azaldu dutenez, izena ematerakoan pilotariak zein urtetakoak diren adierazi behar da.