Maiatzeko azken larunbatarekin batera ospatuko da Getarian Euskal Jai Eguna eta, urtero egin ohi den modura, arratsaldez, trikitilari gazteen txapelketa izango da. 20 urte arteko -horiek barne- trikitilariei zuzendutako lehiaketaren XXII. edizioa izango da aurtengoa eta udaletik jakinarazi dutenez, jada, zabalik dago izena emateko epea. Horretarako azken eguna maiatzaren 16a, osteguna, izango da.

Parte hartzeko interesa dutenek ondoko datuak eman beharko dituzte 943 89 60 24 telefono zenbakira deituta edo kultura@getaria.eus helbide elektronikora idatzita: izen-abizenak, NAN zenbakia, jaiotze-data, helbidea, telefono zenbakia eta helbide elektronikoa. Txapelketa, maiatzaren 25ean, 17:00etan hasita, Berdura plazan egingo da.

Parte hartzeko baldintzak

Txapelketa egunean, gehienez, zortzi bikotek parte hartu ahalko dute. Bikote gehiagok emanez gero izena, aldez aurretik kanporaketa egingo da. Txapelketaren egunean, bikote bakoitzak hiru pieza jo beharko ditu: trikitia, porrusalda, fandangoa eta arin-arina. Parte hartzaileak baserritar arroparekin jantzita egon beharko dira.

Epaimahaiak ondorengo irizpideen arabera baloratuko ditu parte hartzaileak: “Piezen zailtasuna, bat etortzea, kantua, dantzagarritasuna eta panderojolearen lana”. Hala, hiru sari nagusi emango dituzte: lehenengo bikote sailkatuari txapel eta garaikur bana eta 250 euro; bigarren sailkatuari garaikur bana eta 175 euro; hirugarren sailkatuari, berriz, 125 euro. Txapelketan parte hartu duten gainerako bikoteek, aldiz, 60 euro jasoko dituzte.