Apirilaren 21eko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetarako kanpaina gaur jarri da martxan. Hala, Gipuzkoako EH Bilduk kanpainari hasiera emateko ekitaldia Getarian egingo du. Zehazki, 19:00etan hasita, frontoian –eguraldi txarra egingo balu, Berdura Plazan–.

Ekitaldian, hizlari modura Nerea Kortajarena EH Bilduren Gipuzkoako zerrendaburua, Itziar Murua EH Bilduren Gipuzkoako zerrendakidea eta Haritz Alberdi Getariako alkatea arituko dira. EH Bildutik jakinarazi dutenez, ondoren, mokadutxo bat jateko aukera ere izango da.

Botoak eskuratzeko azken ahaleginak

Hauteskunde kanpaina apirilaren 19an, ostiralarekin, 23:59an amaituko da. Gaur hasi eta datozen hamabost egunetan zehar, alderdiek, koalizioek eta hautesle-elkarteek herritarren botoa bereganatzeko ekitaldiak egin ahal izango dituzte leku publiko nahiz pribatuetan. Besteak beste, hauteskunde publizitatea postontzietan sartu, mitinak antolatu edota jarduerak egin.