Getariako, Debako, Lezoko, Oiartzungo, Usurbilgo eta Zarauzko dantza taldeek alaitu zituzten atzo herriko kaleak. Talde bakoitza bere ibilbidea eginez eta elkarrengandik bereizita, herrian gora eta behera ibili ziren. Hala, herriko txoko desberdinetan geldialdiak eginez, dantza ugari dantzatu zituzten.

Bakoitzak bere ibilbidea egin ostean, guztiak frontoian batu eta elkarrekin hainbat pieza dantzatu zituzten. Orotara, 170 dantzari gaztetxo inguruk parte hartu zuten; horiei lagunduz, beste hamarnaka txistulari aritu ziren.

Behin dantza emanaldia amaituta, kiroldegira igo eta bertan bazkaldu zuten guztiek batera. 200 lagun pasatxo izan ziren bazkaltzen; dantzariez gain, txistulariak, dantza irakasleak eta antolatzaileak ere bertan baitziren. Bazkalostean, 16:00etan, frontoira jaitsi eta gorputza astintzen jarraitzeko aukera izan zuten Elizagoien ahizpak trikiti bikotearekin.