Eguraldi ederrarekin, atzo jokatu zituzten Zarauzko Hondartzako Futbol Txapelketako finalerdiak. Finalera sailkatzeko esperantzarekin bertaratu ziren Balearri-Astillero eta Mayflower talde getariarrak eta, biak hala biak lehia estuan aritu baziren ere, ez dute finalera sailkatzerik lortu.

Balearri-Astillerok Telesforo Erretegiaren aurka neurtu zituen indarrak. Partida oso berdinduta joan zen eta bietako inork ez zuen baloia sareratzerik lortu. Hala, penaltien bidez erabaki zen talde irabazlea; hain justu, Telesforo. Tentsio handiko unea pasa eta gero, zarauztarrek 5-4 garaitu zituzten getariarrak eta ondorioz, mutilen ligatik kanpo geratu da Balearri-Astillero.

Mayflower taldea ere oso txukun aritu zen Kirikilla-Enea Jatetxea taldearen aurka. Lehenengo zatian, gol bat sartu zioten eta getariarrek ez zuten horri buelta ematerik lortu. 1-0 galdu zuten partida, baina Mayflowerrek lehiaren mailari eutsi zion. Hala, beraz, kopako finalean ez da izango talde getariarra.