Getariako literatura lehiaketak badu, jada, zerbait erritualetik. Ordua baino minutu batzuk lehenago, plazan dabiltzan umeek jolasteari utzi eta, goxoki poltsa eskuetan –goxokiak ostiraletan jaten direnetik gertatzen da azken hau–, udaletxe sarreran jartzen dira ilaran. Zintzo egoten dira, aretora igo behar dutenei pasatzen utziz, harik eta goitik igo daitezkeela jakinarazten dieten arte.

Eskailerak korrika igo eta presaka sartzen dira aretora. Normalean, bigarren ilaran esertzen saiatzen dira, lehenengoa sarituentzat erreserbatuta egoten baita. Aulkiak betetzen doazen heinean, txikienak lurrean jartzen dira. Sumatzen dira euren artean irrika eta ilusio berezi bat, anai-arreba, lehengusua edo laguna saritzen ikusteak eragiten duena. Helduak beranduago sartzen dira aretora, besterik ezean, euren seme-alaben, iloben edo ahaideen saritzea zutik ikusiko dutenaren patxadaz.

Halakoxea izan da gaur ere Getariako 23. Literatura Lehiaketaren hasiera eta bakoitza bere lekuan kokatu denean, Erun Ortizek, kultura teknikariak eta lehiaketako idazkariak hasiera eman dio ekitaldiari. Aurten, 114 lan aurkeztu dira lehiaketara, 112 ipuin eta bi olerki edo bertso.

Horien artean, honakoak nabarmendu ditu Nagore Etxabe Iturzaeta Herri Eskolako zuzendariak, Mikel Gartziarena literaturazale eta Katukale irakurle taldeko kideak eta Iure Eizagirre Artzape Euskara Elkarteko kideak osatutako epaimahaiak:

Ipuinak

Lehen Hezkuntzako 3. maila

  • Saritua: Manex Azkue Tirados – Bidaia barkoan.
  • Aipamen berezia: Lur Mandiola Ucin – Umeak ez zekien bere izena.

Lehen Hezkuntzako 4. maila

  • Saritua: Oihan Iriarte Nuñez – Inurriak.
  • Aipamen berezia: Haize Subijana Elola – Xaboi magikoa.
  • Aipamen berezia: Maddi Iribar Abruza – Sararen zaldia.

Lehen Hezkuntzako 5. maila

  • Saritua: Sara Ostolaza Iribar – Non gaude?
  • Aipamen bereziak: Unai Aranguren Legorburu – Peruren istorioa 

Lehen Hezkuntzako 6. maila

  • Saritua: Malen Esteban Lazkano – Mahasti anderea
  • Aipamen berezia: Illari Alberdi Uzkiza – Irlandako fantasia
  • Aipamen berezia: Oihan Agirrezabalaga Iturbe – Itsas natura

12-14 urte

  • Saritua: Lur Elorrieta Alberdi – Planeta berria
  • Aipamen berezia: Araitz Muñoa Arenas – Desberdin

Helduak

  • Saritua: Maialen Urbieta Agirrezabalaga – Hiretzat, Itzi!
Olerkiak eta bertsoak

12-14 urte

  • Bertso saritua: Oinatz Aranburu Arrizabalo – Baserrien egoera.

Helduak

  • Olerki saritua: Amets Aizpurua Mancisidor – Tren galduak

 

Bertso saritua

Jendaurreko ipuin irakurketa baina errazagoa eta ohikoagoa da bertsoa botatzea. Gaur, 12 eta 14 urte arteko kategorian saritu duten Baserriaren egoera bertsoa abestu du Oinatz Aranburuk ekitaldiaren amaieran.

 

Taldeko argazkia aterata, ostiral arratsaldeko zereginetara itzuli dira udaletxera gerturatutakoak: jolasera eta goxokiak jatera haurrak, ekitaldian jazotakoa partekatzera helduak, jaso berri zituzten liburuak arakatzera sarituak…

Lan sarituak

Saritutako lanekin osatutako liburuxka ARTZAPE aldiazkariaren hurrengo alearekin banatuko da. Aurreikuspenen arabera, datorren astearen amaieran egingo da banaketa. Bestalde, webgune honetan bertan izango dituzue lanok irakurgai eta entzungai maiatzaren hasieratik aurrera.