Futbol liga nagusira igotzea lortu zuen aurreko denboraldian Eibarrek eta, ondorioz, Ane Camposek jokatzen duen taldearentzat egokitzapen urtea ari da izaten hau. Liga hasiera zaila izan zela aitortu du baina “partiduro hazten joan gara, egunero entrenamenduetan egiten dugun lanarekin, taldea osatuz…”.

Besteak beste, lehiaketak ezarritako araudiak tarteko, Unbeko futbol zelaian jokatzeari utzi eta Ipuruara lekualdatu behar izan dute. “Gure helburua zen Ipuruan indartsu egotea eta gure etxe bilakatzea. Hasieran kostatu bazitzaigun ere, hala sentitzen dugu orain”, dio gazte getariarrak.

Hain zuzen ere, igandean, etxean jokatuko dute Athletic-en aurkako euskal derbia. 12:00etan hasiko da partida eta bi taldeak une gozoan helduko dira norgehiagokara. “Ikusten da beraiek aurten pauso garrantzitsua eman dutela futbolari zein sailkapenari dagokionez”, azaldu du Athletic-ez. Bere taldea, berriz, indartsu ikusten du: “Partida honetara konfiantza askorekin gatoz, konfiantzaz bai jokoan bai lanean. Gure lana egingo dugu eta espero dugu emaitza aldekoa izatea”. Hala balitz, gainera, denboraldi honetan barruan duen arantza kenduko luke Camposek: Eibarrek derbi bat irabaztea.

Liga amaiera, gertu

Azken emaitzak azpimarratzearekin batera, denboraldiaren balorazioa egin du futbol jokalari getariarrak aste honetan eman duen prentsaurrekoan. Egokitzapenaren ondotik etorritako emaitza onei esker, sailkapeneko 11. postuan dago Eibar eta zazpi puntura ditu jaitsiera postuak. Gainera, azken sailkatuaren jaitsiera baieztatuta dago jada.

Sei norgehiagoka geratzen dira denboraldia amaitzeko –horietako hiru Ipuruan jokatuko dituzte– eta Camposen esanetan, “oraindik asko falta da eta beheko taldeak asko ari dira borrokatzen”. Gaineratu du lanean jarraitu behar dutela: “Guk gurearekin jarraitu behar dugu eta ahalik eta punturik gehien lortzen saiatu”.

Etorkizuna

Ekainaren amaieran bukatuko zaio Camposi Eibarrekin duen kontratua eta ez du argitu gero zer izango den. “Etorkizunari ez diot asko begiratzen, orain oso gustura nago Eibarren, horretan zentratzen naiz. Oraindik partida batzuk geratzen dira eta horretan nago. Gerokoak ikusiko dira”, adierazi du.

 

Argazkia: sdeibar.com