Maiatzaren Lehena eta bere 50. urteurrena uztartuko ditu LAB sindikatuak aurtengo maiatzaren 1ean. Beraientzat “une gozoa” izan arren, langileen egoerari dagokionez, testuinguru globalak ez duela “baikortasunerako tarte handirik uzten” adierazi dute.

Sindikatuak egindako hainbat azterketetan “dualizazioa” ikusten duela dio: “Euskal langileen %50 baino gehiago egoera prekarioan bizi da, beharturiko eta ordaindu gabeko zaintza lanetan ari delako, langabezian daudelako edo 1400€-tik beherako soldata kobratzen duelako. Bizi baldintza duinak dituztenen eta egoera prekarioan daudenen arteko aldea areagotzen ari da”.

Horregatik, zer aldarrikatu eta landu badagoela iritzi dio eta Maiatzaren 1ari “zentralitatea” eman dio 50. urteurreneko ospakizunen baitan. Hala, egun horretarako deialdi nazionala egin eta egun osoko egitaraua prestatu du Iruñean:

  • 11:30ean, manifestazioa, Gazteluko plazatik abiatuta.
  • 12:30ean, ekitaldia, Anaitasunan.
  • 13:30ean, jaialdia.
  • 14:30ean, herri bazkaria.
  • 16:30ean, kontzertuak: Trikiteens, Kaxkatu eta DJ Desi eta Presi.

Bertaratzeko, autobusak ari dira antolatzen Euskal Herriko hainbat herritatik, tartean Getariatik. Joateko interesa dutenek, apirilaren 29a, astelehena, dute izena emateko azken eguna. Harritarten apuntatu behar da.