Gizonezkoen XXVI. Salbatore Txapelketan 100 bikote baino gehiago arituko dira norgehiagokan. Xabier Etxaniz Gure Txeru Pilota Elkarteko delegatua gustura dago parte hartzearekin, “ikusten da Salbatore Txapelketa gustukoa dela eta jendeak erantzuten duela”. Azaldu duenez, orain arte, 90 bikote inguru apuntatu izan ohi dira. Iaz gainditu zuten lehenengo aldiz 100 bikoteko langa baina, baldintzak desberdinak ziren. Izan ere, 25. urteurrena tarteko, nagusien kategorian ez zuten adin mugarik jarri eta, beraz, errazagoa izan zen pilotari gehiagoren parte hartzea bermatzea.

Hiru kategoriatan banatuta arituko dira pilotariak: 41 bikote kadete mailan, 41 gazteenean eta 36 23 urte azpikoetan. Kadete mailan, Gure Txeru pilota elkarteko hiru pilotari daude: Aiestaran, Esnal eta Alvarez. Hiruren artean, azkena, Manex Alvarez, da txapelketako getariar bakarra. Hori dela eta, berak emango dio hilaren 6an txapelketari hasiera: “Bere estreinakoa izanik, aurrenengo egunekoa bera nahi genuen izatea”, aitortu du Etxanizek. Datorren urtean, aurten haurren kategorian dagoen beste getariar bat, behintzat, txapelketan egongo dela espero du delegatuak.

Maiatzaren 6an hasiko dute, beraz, txapelketa eta partidak astelehen eta asteazkenetan izango dira. Partaide asko daudenez, ekainaren 14tik aurrera, ostiral eta larunbat arratsaldetan ere izango dira norgehiagokak. Aste barruko partidak 18:30ean hasiko dira eta larunbat arratsaldekoak 18:00etan. Egun bakoitzean hiruna partida jokatuko dituzte.

Orotara 48 klubetako pilotariek parte hartuko dute: 21 gipuzkoarrak, 13 nafarrak, 10 bizkaitarrak, hiru errioxarrak eta arabar bat. Printzipioz partida guztiak frontoian jokatuko dituzte, “txapelketa honen xarma eta esentzia beheko frontoi hau da”, adierazi du delegatuak. Txarra eginez gero, ordea, kiroldegian jokatuko lituzkete. Beste urteetan egin modura, kanporaketa bitartez jokatuko da txapelketa eta partida galtzen duen bikotea txapelketatik kanpo geratuko da. Finalak abuztuaren 6an, Salbatore Egunean, jokatuko dituzte.

Emakumeen eta haurren txapelketak ere laster abian

Bikote kopuruaren arabera, ekaina hasieran edo erdialdean hasiko dute emakumezkoen VII. Salbatore Txapelketa. Etxanizen hitzetan, “berehalaxe” irekiko dute izen ematea eta apuntatzen den pilotari kopuruaren arabera zehaztuko dute txapelketaren hasiera eguna. Partidak igande arratsaldetan jokatuko dituzte eta finalak abuztuaren 4an, igandearekin eta arratsaldez, izango dira.

Haurren IX. Elkano Saria, berriz, ekainaren 15ean hasiko da. Horiek larunbat goizetan jokatuko dituzte partidak eta finalak abuztuaren 3an, arratsaldez, egingo dira.