Arrantzaleak antxoa kanpainan buru-belarri dabiltzan honetan, gainera erruz ari dira harrapatzen, ostiraletik hasita, Antxoa eta Arrantzale egunak ospatuko dituzte Getariarrek herrian. Egitarau zabala prestatu dute eta festaz gozatzeko, aukera ugari egongo da.

Ostiral goizeko ekitaldia izango da asteburuko lehena. 12:30ean hasita, XII. Zilarrezko Antxuaren aipamenak banatuko dituzte Balenciaga Museoan. Arratsaldean, 18:30etik aurrera, musika eskolako trikitilarien eta Gure Txeru elkarteko dantza taldearen emanaldiak izango dira. Ondoren, arratsalde amaiera, EinGO taldeak girotuko du. Aldi berean, 19:00etatik 21:00etara, antxoa dastaketa egingo da frontoian.

Larunbata ere ekintzaz josita dator. 11:00etan, VI. Bela Estropadak izango dira. Horrez gain, moilan, goizean zehar, Kofradia-Itsas Etxearen eskutik, Izan Arrantzale egitasmoa egingo da. 6 eta 12 urte arteko umeei zuzendutako doako tailerrak dira: 10:00etatik 11:30era, itsas-eskulanak; 11:30etik 12:30era, itsas-esperimentuak; eta 12:30etik 14:00etara, arrantza tailerra.

Era berean, moilan bertan, 10:00etatik 14:00etara, saregileen lan erakusketa egongo da ikusgai eta 10:00etatik 11:30era, Mater ontzia ezagutzeko bisita gidatuak egingo dituzte –aurrez izena eman behar da*–. 12:00etatik 13:00etara, Uztartzeak: Txakolina eta baxurako arraina tailerra egingo da eta 12:30etik 14:00etara, Mater ontzian, antxoaren artisau-kontserba tailerra izango da–bi ekintza horietarako ere, aurrez eman behar da izena*–.

Arratsaldean, 16:00etatik 18:00etara, Mater ontzia ezagutzeko bisita gidatuak egingo dira –aurrez, izena eman behar da*–. 18:00etan, euskal mitogiako haur jokoak egingo dira frontoian, eguraldi txarra egingo balu, kiroldegian. 20:30etik aurrera, Suhar koruaren emanaldia izango da Salbatore Deunaren elizan.

Igandean, Arrantzale Eguna

10:00etan arrantzaleen meza egingo da. Bertan, Jesus Aldalurren gidaritzapean, Getariako abesbatzak abestuko du. Ondoren, itsas bedeinkapena egingo dute Artzapen eta arrantzale erretiratuak omenduko dituzte. 11:00etan, Gipuzkoako Trainerilen ligako hirugarren jardunaldia jokatuko da herriko uretan. Partaideak XII. Antxua Eguneko bandera lortzeko lehian arituko dira, etxeko ordezkaritza ere bertan izango da.

Era berean, 10:00etatik 13:00etara, Mater ontzia bisitatzeko bisita gidatuak egingo dituzte eta 12:30etik 14:00etara, antxoaren artisau-kontserba tailerra egingo dute ontzian bertan. Bi ekintza horietarako, aurrez eman behar da izena*.

Arratsaldean, 18:00etan hasita, Urrezko aizkora jokatuko da frontoian. Txapelketa jokatzen ari diren bitartean, herriko kaleak girotzen ibilko da, berriz, Deiadar txararanga.

*Ekintzotarako izen-ematea Kofradia-Itsas Etxearen webgunean edo turismo bulegoan egin daiteke.